5.000 euro bildu dituzte Grand Prixean Lam biriketako gaitza ikertzera bideratzeko

Nerea Uranga 2023ko urr. 14a, 20:35

Zezen Beltz asteburuaren barruan, Grand Prix ikuskizuna izan da gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. Euria egin arren, jende asko bildu da ikuskizunaz gozatzera, eta bertan bildutako dirua Aelam elkarteari eman dio Zezen Beltz elkarteak, Koro Agirrezabalaga elkarte horretako kidearen bidez.

Goizeko zezen plazako zezen bolaztatuen ekitaldia lehorrean egin dute, baina arratsaldeko Grand Prix ikuskizunean euria izan da etengabe. Hala joan dira Zezen Beltz asteburuaren lehen egunerako antolatutako ekintzak. Arratsaldean zezen plazan egin duten Grand Prixa ikuskizunean jende asko bildu da, eta ikusleek aterpetik jarraitu behar izan dute ekitaldian parte hartu duten lau taldeen jarduna.

Aurtengo Grand Prix ikuskizunean bildutako dirua, Lam biriketako gaitz sendaezina ikertzera bideratu du Zezen Beltz elkarteak, eta 5.000 euro eman dizkio Koro Arrizabalaga kide den Elam elkarteari. Arrizabalaga bera ikuskizuna ikusten izan da zezen plazan bertan, eta oso eskertuta azaldu da Zezen Beltzen ekimenagatik.

Koloretan taldeka banatuta lau taldek parte hartu dute Grand Prix ikuskizunean: Azpeitiko gazteek, Azkoitiko taldeak, Ondarroa-Mutriku taldeak eta Zezen Beltz taldeak. Ahalegin guztiak eginez jardun dute ikuskizunean egin behar izan dituzten sei jolasetan. Busti-busti eginda, baina umorez aritu dira, zezen plazara joandako jendearen gozamenerako.

Grand Prixa amaitutakoan, 16 urtetik gorakoek zezen txikiekin ibiltzeko aukera izan dute zezen plazan bertan.

Zezen Beltz asteburuko ekitaldiak bihar ere izango dira. Hona hemen biharko egitaraua:

Bihar, igandea: 

  • 11:00. Animalia arraza ezberdinen erakusketa, plazan. 
  • 12:00. Oilasko eta txahal saiheski erretzea, plazan.
  • 12:30. Karretoiekin entzierroa, Etxe Zuritik plazara. Ondoren, argazki jendetsua. 
  • 17:15. helduen entzierroa Artzubitik plazara eta buelta. Ondoren zezen bolaztatuak Artzubia kalean.
 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide