Aurkezpena eginda, zabalik da emakumeek herriari egindako ekarpena bistaratzen duen Matazak ibilbidea

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 8a, 16:00

Berez bederatzi geldiune ditu Matazak ibilbideak, baina gaur goizeko ibilaldi gidatuan horietako lautatik igaro dira. Garbitokiko geldialdia berezia izan da, Nafarroako Lore More antzerki konpainiako kideek Trapu zikinak lana antzeztu baitute, eta ondoren, udalak aitortza egin die proiektuan parte hartu duten emakumeei. Dozenaka lagunek parte hartu dute gaurko ibilaldi gidatuan, eta aurrerantzean herritarrek noiznahi izango dute ibilbidea egiteko aukera.

Azpeitiko emakumeen memoria berreskuratzeko helburuarekin, Matazak ibilbidea sortu dute Azpeitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak elkarlanean. Proiektuaren nondik norakoak duela astebete pasatxo egindako agerraldian azaldu zituzten haren sustatzaileek, baina gaur goizean, ibilbidea bera, edo haren parte bat behintzat, ezagutzeko aukera izan dute herritarrek.

Jende asko bertaratu da 11:00etan plazan jarritako hitzordura, Amaia San Vicenteren gidaritzapean ibilaldia egitera. Plazan bertan egin dute lehen geldialdia, Telefonica zenaren aurrean bigarrena, Soreasu antzokiko atarian hirugarrena, eta Garbitokian laugarrena eta azkena. Garbitokikoa berezia izan da, gainera; izan ere, Nafarroako Lore More antzerki konpainiako kideek Trapu zikinak antzezlana taularatu dute han bertan, eta ondoren, udalak aitortza egin die proiektuan parte hartu duten emakumeei, lore bana eta idatzi bana emanda.

Arana kalean hasten da Matazak ibilbidea, eta Alde Zaharrean barrena itzulia egin ostean, herriko plazan du bukaera. Geldialdi bakoitzean panel bat jarri dute testu batekin eta QR kode batekin; kode hori eskuko telefonoarekin eskaneatuta, audio bat entzun daiteke. Esparru ezberdinetan jardun duten emakumeen bizipenak ezagutaraziz, Azpeitiko emakumeek herriari egin dioten ekarpena bistaratzea eta aitortzea dira ibilbidearen helburuak, eta gaurtik aurrera, herritarrek noiznahi izango dute ibilbidea egiteko aukera.