Ludotekak eta Gaztelekua, ateak irekitzear

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 22a, 15:39
Gazteria Saileko hezitzaileak, plazan. (Azpeitiko Udala)

Urriaren 2an zabalduko dituzte Txiki Txoko eta Iturritxiki ludotekak, eta urriaren 3an Gaztelekua. Horietara joan ahal izateko aurrez izena eman beharko da. Ludoteketako erabiltzaileek irailaren 25etik 29ra egin beharko dute izen-ematea. Gaztelekuan ate irekiak egiten ari dira egunotan. Nerabeek hilaren 27tik 29ra egin beharko dute izen-ematea.  

Udako oporraldia igarota eta ikasturtean murgilu ostean, martxan hasita daude Azpeitiko Udaleko Gazteria Saileko hezitzaileak. Azken asteetan kudeaketa lanak egin ondoren, urriarekin batera irekiko dituzte Ludotekak eta Gaztelekua. Hain zuzen, urriaren 2an irekiko dituzte Txiki Txoko eta Iturritxiki, eta urriaren 3an Gaztelekua. Hori bai, erabiltzaileek datorren astean egin beharko dute izen-ematea. 

Astelehenetik, irailak 25, ostiralera, irailak 29, egongo da Ludoteketan izena emateko aukera. Egunero, arratsaldez, 15:30etik 19:00etara egongo dira zabalik Iturritxiki eta Txiki Txoko. Dena den, goizez ere izango da izena emateko aukera: Iturritxiki ludotekan, asteartean eta ostegunean, 10:00etatik 12:00etara, eta Txiki Txoko ludotekan, asteazkenean eta ostiralean, 10:00etatik 12:00etara. Ikasturtean joango diren ludotekan eman beharko dute izena erabiltzaileek, une horretan oraindu beharko da urteko kuota. Bestelako zalantza eta azalpenak bertan emango dituzte hezitzaileek.

Gaztelekuaren kasuan, DBH1eko ikasleek zerbitzua ezagutzeko aukera izan dezaten, ate irekiak egiten ari dira. Atzo egin zuten lehen saioa eta gaur eta  hurrengo astelehen zein asteartean ere egingo dituzte, 17:00etatik 19:30era. Horrez gain, irailaren 27tik 29ra irekiko dute Gaztelekuko erabiltzaile izateko izen-emate epea, 15:30etik 19:00etara, eta irailaren 28an goizez ere bai, 9:30etik 13:30era. Gaztelekuko erabiltzaile izateko ez da kuotarik ordaindu behar, baina erabiltzaile berri guztien gurasoek nahitaez bertaratu beharko dute izena ematera.

Azken egunotan, Gaztelekuko hezitzaileak ikastetxeetan izan dira DBH1eko ikasleei gaztelekuko zerbitzuak aurkezten. Era berean, HH5eko ikasleak ludoteketetan izan dira bisitan, zerbitzuak eta guneak bertatik bertara ezagutzen.