Julian Unanue: "Basoaren bizitzara lotzeak norberari ere bizitzen laguntzen dio"

Ihintza Elustondo 2023ko abu. 6a, 11:00

Julian Unanue. (Arnaitza Rubio Aprea)

Gipuzkoako Baso Elkarteko lehendakaria da Unanue, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Baso elkarteen konfederazioko presidentea ere. Banda marroiaren gaitzak erabat baldintzatu du basoen egoera, eta kexu da erakundeek ez dutelako sektorea behar beste lagundu. Zuhaitzek zer garrantzi duten gogorarazi du. 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Aratzerrekan, sekuoiez betetako basoan, han ernaltzen ari den bizitzari erraparatzen dio Julian Unanuek (Azpeitia, 1948), miresmenez: zuhaitzei, haien artean sortzen diren itzalei, inguruan loratzen ari diren landareei, gainean dabiltzan hegaztiei, atzetik entzuten den erreka hotsari... Etxean bezala dago, bakean. Endaizpe baserrian jaioa da, eta betidanik izan du lotura estua lurrarekin. "Basoa nire bizitzaren oinarrietako bat da". Baso jabeak elkartzeko beharrak bultzatuta, Gipuzkoako Baso Elkartea sortu zuten duela 40 urte inguru, eta elkarte horren sortzaileetako bat izan zen Unanue. Gaur egun, elkarteko presidentea da, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Baso elkarteetako konfederazioko lehendakaria ere. Erakunde horien helburua da baso jabeak defendatzea eta haiei aholkuak ematea. "Babesa dira baso jabeentzat", dio.

Zer ardura dituzu Gipuzkoako Baso Elkartean?

Zuzendaritzaren bilerak deitzea eta zuzentzea nire ardura da; elkarteko kideek dituzten arzoei irtenbidea ematen saiatzea, elkarteko langileekin batera; instituzioekin bilerak izatea –Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin nahiz udalekin–... Sektoreko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea ere nire egitekoa da: konfederazioarekin, Baskegurrekin, USSE erakundearekin, Biotermiarekin, Basoa fundazioarekin... Badaukat non entretenitua.

2.800 bazkide ditu elkarteak; horietatik 1.400 baserritarrak dira, 160 familia inguru Azpeitikoak, eta 420tik gora Urola bailarakoak. Bazkide asko al dira?

Kontuan izan behar da lehen sektorera bideratutako Gipuzkoako lurren %80 jabetza pribatukoak direla, eta guztira, 9.000 lurjabe direla. Horietatik 3.000 inguru baldin badira elkarteko bazkide, gutxi gorabehera kopuru osoaren herena da. Sektore gutxitan egongo da horrelako ordezkaritza. Gainera, 2.800 jabe horienak dira baso guztien %50 baino gehiago; beraz, baso jabe handiak elkarteko kide dira.

Datuen arabera, Espainiako Estatu guztia kontuan hartuz gero, Gipuzkoa da oraindik ere zuhaitz masa portzentaje handiena daukan lurraldea. Zein da Gipuzkoako basoen egoera?

Azken urteetan, Gipuzkoako egora asko markatu du intsinis pinuaren gaitzak, banda marroiak; izugarrizko sarraskia eragin du gaitz horrek, eta etorkizunera begira, halako hutsune bat sortu du. Zuhaitz horrekin inbertsio bat eginda zeukan jendeak sekulako kaskarrekoa hartu du; Gipuzkoako baso jabeen galera 120 milioi eurotan kuantifikatu dute. Alde horretatik, ziurgabetasun handia dago. Gainera, aldaketa klimatikoa dela eta, zalantzak ditu jendeak; ez dakite zuhaitz bat ala bestea landatzea komeni den, zein egokituko den hobeto egoera berrira. Zuhaitz baten bizitza zehaztea oso gauza zaila da, eta inbertsio bat egiteko, pentsatu egin behar duzu zuhaitz horrek hemendik 40 urtera zer eboluzio izango duen, baina sekula ez daukazu bermerik. Bestalde, asko aipatzen dute baso jabeak zaharrak garela, baina uste dut jabetza askotan izaten dela zaharren kontua; zaharren eskuetan egoten da, eta horiek joatean jasotzen dute gazteek zaharrek uzten dutena. Badirudi gu garela arazoa daukagunak, baina enpresetan eta beste leku askotan ere gauza bera gertatzen da. Eta gehiago esaten ausartuko nintzateke: basoan, 55 urtetik gorakoa zahartzat hartzen da, eta datuen arabera, 83-84 urtekoa da pertsona baten batez besteko bizitza; 55etik 84ra koska dezentea dago. Norbaitek 55 urterekin jarri baldin badu basoa, berak aprobetxatzeko aukera eta dena izan dezake. Azkenean, inor ez da bizi basotik. Basoa inbertsio bat dela esan daiteke, baina horren etekinak, normalean, ez ditu jasotzen basoa jarri duenak, haren ondorengoek baizik, baldin badaude. Nire ustez –eta askok pentsatzen dugu horrela–, okerra da geure buruarekin bakarrik pentsatuta, etekinekin soilik pentsatuta, lan egiten dugula pentsatzea. Hori ez da egia. Basoa jartzen duenak etekinei baino zerbait gehiagori begiratzen ez badio, beste lotura bat ez baldin badauka lurrarekin, arbasoekin, etekin ekonomikoak ez diren beste osagai batzuk ez baldin badaude... Horrela oso nekez jarri liteke basoa. Gizarte honetan, inork ez du inbertitzen 40 urte barru jasoko duen etekin batean, ezta basoan ere, zerbait gehiago behar da, nahiz eta sinpleki pentsatu izan den gure etekinei begira gaudela. Halako kontuak entzun behar izaten ditugu egunero, baina hori ez da horrela.

Orduan, zergatik jartzen du jendeak basoa?

Lurrarekiko lotura bat daukalako; basoa hazten ikusten duzu, mugitu egiten da, irabazi edo galdu egiten du, bizia da... Beste kasu askotan, herentziaz jasotako zerbait izaten da, eta halakoetan lotura bat izan ohi da aurrekoekin, arbasoekin: "Niri utzi zidaten, nik ere utzi beharko diet". Beste batzuei, zerbait edukitzeagatik, gustatu egiten zaie basoa edukitzea, mendian txabola bat edukitzea bezala. Diru asko gabe egin daiteke inbertsioa mendian: azkenean, auto koskor batek balio duen diruarekin mendi pusketa dezentea erosi eta jartzen duzu martxan. Mendia ez da garestia.

Lotura emozional bat behar da, beraz.

Bai, hori da. Alde emozional hori edo nolabaiteko lurrarekiko sentimendu bat.

Basogintzan kostatzen ari da belaunaldi aldaketa gauzatzea. Gazteek ez dute basoarekin jarraitzeko gogo handirik... Gehiago al daude momentuko etekinei begira?

Gazteak oso desafektatuta daude basotik, hori egia da, baina baten batek herentzian basoa uzten duenean, balio bat baldin badu, gazteak akordatzen dira horrekin. Kontuz! Mendian ez daude sobratutako pinudi ederrak, euro pila bat balio dutenak, jabea ez dakizulako nor den, gazteek ez dutelako ezer jakin nahi. Beste kontu bat da beste batek egiten duen artean zuk ez duzula basoan lan egingo, eta gero, herentzian jasotzen duzunean, etekin horren ondoren berriro horri segitzeko gogoa daukazun ala ez daukazun.

Zergatik animatuko zenuke jendea basoan aritzera? Zuri zergatik gustatzen zaizu?

Basoz inguratutako baserri batean jaio nintzelako, seguruenik. Kalean jaio izan banintz eta fabrika batean lan egin izan banu, beharbada ez zitzaidakeen hainbeste gustatuko. Baina giro horretan jaio nintzen, eta horrek erakartzen nau. Ekonomia aldetik, gaur egun inor ez da ari basoan inbertitzen. Basoak izan zuen bere garai ekonomiko oso inportantea. Zenbaki batzuk emango bagenitu, askok ez lituzkete sinetsi ere egingo. Orain dela 60 urte, baso pusketa ez oso handi bat edukitzea nahikoa zen Azpeitian pisu bat erosteko. Gaur ez duzu auto bat ere erosten. Intsinisari "urre berdea" esaten zitzaion, eta zerbaitegatik. Intsinisak diru asko eman du.

Orain ere badaude horretan aritzen diren enpresak, ezta?

Enpresek egurra eraldatu egiten dute edo basoetan lanak gauzatzen dituzte, baina beren helburua ez da baso jabe izatea. Dena den, baso jabeok enpresa horiek beharrezko ditugu basoaren zikloei eusteko.

Zuri zer ematen dizu basoak?

Gozatu egiten dut basoan. Nahigabeak ere emango dizkizu basoak; haizeak bota dizula, edo orain gertatu den bezala, gaitz bat etorri dela eta dena alferrik galdu zaizula. Baina basoak aktibo mantentzen zaitu, basoa ez da gauza geldi bat: txoriak habia egin duela, zuhaitz berri bat deskubritu duzula... Bizitza da, basoa gauza bizi bat da. Bizitza horretara lotzeak uste dut norberari ere bizitzen laguntzen diola.

Pinuaren gaitzak kalte handia eragin die baso jabeei. Horren aurrean, zer bultzatu du Gipuzkoako Baso Elkarteak? Zer landatzea komeni da? Zer landatu?

Inork ez dizu zuhaitz batekin bermerik ematen. Intsinisaren tankerarik handiena duena, dudarik gabe, itsas pinua da. Baina inguruotan gehien landatu dutena sekuoia da. Horrez gain, kriptomeria, itsas pinua eta eukaliptoa ere landatu dituzte, baina sekuoia baino gutxiago. Intsinisaren tankera handikoa da, era berean, pinu horia, baina horrek gutxi kuajatu du. Hortik aparte, hostozabalak ere landatu ditu jendeak: pagoa eta haritza batez ere, lizarra eta gaztaina gutxiago, eta beste espezie batzuk, baina ez kontuan hartzeko kopuruetan.

Administrazioak nola erantzun du intsinisaren gaitzaran aurrean?

Inork ez du ukatzen banda marroiarena hondamendi bat denik. Egia da, berez, badaukala tratamendua gaitz horrek. Tratamedua, ordea, ezin da lurretik egin, hegazkin bidez baizik, eta horretarako, baimen bat behar da; izan ere, aireko tratamenduak salbuespen kasuetan bakarrik onartzen ditu Europak. Esaten dute beste herrialde batzuetan ere badaudela antzeko gaitzak, eta horietan sistema hori baliatzen dutela gaixotasunak kontrolatzeko. Hemen ez dago tratamendu hori egiteko baimenik; baso jabe bezala, erremedioa daukan zerbait konpondu ezina tratamendu hori egiten uzten ez dutelako... Hori dena jan behar izateak ere badu bere misterioa. Horrez gain, hondamendi bat gertatzean, administrazioak beti lagundu izan du: uholdeen kasuan, esaterako. Eta baso jabeok bizitzen ari garena ere hondamendi bat da. Orain dela hiru-lau urte arte, laguntza eman izan dute erakundeek; ez baso jabe bakoitzaren galeraren adinakoa, baina bai laguntza bat. Bizkaian eta Araban orain ere ematen dute, baina Gipuzkoan kendu egin zuten. Hori atzerapauso handia da, etsipena sortzen du. Izan ere, zuk zenuen ondare bat galdu duzu, eta berriro jarri behar duzu, baina ez daukazu inolako laguntzarik. Lehen, kalte ordain bat ematen zizuten, eta kalte ordain horrekin batera, derrigortzen zintuzten bi urte barru berriro zuhaitzak landatzera. Jendeak hori kobratzen zuenean, landaketa egin egiten zuen. Laguntza kendu egin zuten, ordea, eta lehen zalantzan dagoenarentzako, atzera egiteko eta mendia bere horretan uzteko arrazoi bat gehiago da hori. Sektorea ez da lagundu lagundu behar zen bezala. Basoen abandonoaz hitz egiten dute, eta badirudi baso jabeak zaharrak garelako gertatu dela hori; horrelako aitzakiak bilatzen dituzte, baina sustraiari inork ez dio heltzen.

Basoak behar-beharrezkoak dira ekosistemarako. Zenbaterainoko garrantzia dauka basoa osasuntsu mantentzeak ingurumenerako?

Basoek uraren zikloa arautzeko funtzioak betetzen dituzte; berebiziko garrantzia dute klima aldaketaren aurkako borrokan; animalien eta biodibertsitate erreserba gisa sekulako ahalmena dute; lurzoruaren kalitatea hobetzen eta higadura kontrolatzen dute; ibai buruen, urtegien eta giza populazioen defentsan laguntzen dute; uholde eta hondamendi naturalen aurrean ere bai; eta zura, baso biomasa eta beste hainbat lehengai naturalen eta berriztagarrien ekoizpenean laguntzen dute.

Jendea kontziente al da horretaz?

Ez dut uste. Jabeak egurrak ematen dion diru hori bakarrik kobratzen du. Zuhaitzek CO2a xurgatzen dutela eta, beste hainbat onura eragiten dituzte ekosisteman, baina onura horiek ez ditu baso jabeak kobratzen. Norberak egurrak ematen duena soilik kobratzen du, baina hori onura osoaren %15 dela kalkulatzen dute. Onuraren beste %85 hori debalde joaten da beste norbaitentzat. Alde horretatik, uste dut badaukagula eskubidea zerbait eskatzeko, laguntza eskatzeko. Nire ustez, esaten ez dena eta administrazioak argi eta ozen esan beharko lukeena da gure aktibitatea beharrezkoa dela, herri honetan beharrezkoa dela egurra sortzea, eta arlo horretan lanean ari direnek beren babesa izango dutela. Diskurtso horren falta sumatzen dut. Eta ogibideari prestigioa ematea ere behar da, gazteak erakartzeko; lanbidea ondo baloratuta baldin badago, jendea erakarriko du. Prestigio eta laguntza hori behar du basoan lanean ari denak biharko basoak produktiboak izatea nahi baldin badugu. Administrazioak asko aipatzen du oso kezkatuta daudela, baina ez dut uste baloratzen gaituenik; ez baso jabeak, ez basoa bera.

Eukaliptoarekin ere izan zen eztabaida.

Boladak izaten dira gauza guztiekin. Eukaliptoa oso gaizki ikusita dago. Esaten dute eukaliptoak lur guztia jaten duela... Lehen, intsinisarekin diskurtso berbera erabiltzen zuten. Eukaliptoaren bueltan, zuhaitzen bueltan, ez dago eztabaida sanorik. Eztabaida sano bat izateko oinarri zientifikoak behar dira. Zuhaitza bere kasa ezin da txarra izan. Nik ez dut hitz egingo eukaliptoaren alde, baina ezta kontra ere; zuhaitz bat da. Zuhaitz batetik lortu nahi duzunaren arabera, jarriko duzu pagoa edo eukaliptoa; izan ere, ez da gauza bera bi zuhaitz horiek eskaintzen dizutena. Zuhaitz bakoitzak eskaintzen duena eskaintzen du.

Uste duzu eukaliptoak baso jabeentzat aukera bat izaten jarraitzen duela?

Noski baietz. Gaur egun etekin ekonomikoa berma dezakeen zuhaitz bakarra dela esango nuke, nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hala aginduta, zuhaitzak 25 urte izan arte, ezin den moztu orain. Baina, lehen, 15 urterekin edo, papererako bota izan da eukaliptoa, eta 15 urte, 40rekin konparatuta, biharko kontua da. Nik ez dut inor animatu eukaliptoa jartzera, ez jartzera ere ez; bakoitzak ikusten du zer egiten duen. Baina zuhaitz kaltegarria dela esatea... Nik ez dut sinesten horretan.

Azpeitian baso asko al dago? Zein da Azpeitiko basoen egoera?

Azpeitian baso asko dago, bai. Azpeitian portzentaje altua da basoarena. Azpeitiko lurren azalera, guztira, 6.924 hektareakoa da, eta horien %94 lehen sektorera bideratuta daude. Gainera, kopuru osoaren %63 da basoa –4.339 hektarea–; %6 sastrakadiak dira, %3 harri arteak, %22 landa eremua eta %5 eraikinak. Basojabeak ere asko daude. Intsinisaren gaitzak gehien eragin dion zonaldea da Urola, eta Azpeitia ere bai. Hala eta guztiz, Urola bailaran botatzen den basoa, portzentaje oso altuan, berriro landatzen da. Badago baso kultura.

Abandonatutako baso gutxi dago, beraz, inguruotan?

Bai, gutxi.

Eta Gipuzkoan?

Askoz ere gehiago. Horrek duen arriskurik handiena suteena da. Izan ere, sua eragiten du zaindu gabeko basoaren azpian sortzen den zikinak edo oteak. Horrek egiten du sua kontrola ezinekoa bilakatzea.

Esaten dute bizitzan herritar guztiek landatu behar luketela zuhaitz bat. Ondorengoei uzteko zuhaitz bat landatu behar bazenu, zein?

Ni baserri batean banengo, eta atarian zuhaitz bat landatu beharko banu, saiatuko nintzateke Gernikako arbolaren kimu bat landatzen. Zuhaitz bakar bat aukeratzekotan, zerbait esaten didana izatea nahiko nuke, eta Gernikako arbolak badu esanahia gure kulturan eta gure sentimenduetan.