Azpeitiarren doinuak

Xanti Agirrezabalaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko abu. 30a, 09:00
Xanti Agirrezabala. (Iker Gozategi)

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, udako oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Hau da Xanti Agirrezabala aktoreak osatu duen zerrenda.

  • Bexamela ta pastela (Maixa eta Ixiar)

"Zintzotasun ariketa bat eginda, kantu honek egon behar du nire bostekoan. Haurra nintzenean izugarri gustatzen zitzaidan abesti hau. Nire plater gustukoena makarroiak bexamelarekin zirelako akaso? Ez dakit. Baina abesti honek nire haurtzaro inozente eta zoriontsura eramaten nau".

  • Soinuak duena (Tapia eta Leturia)

"Urtero, uda iristearekin batera iristen da abesti hau ere niregana. Xanjuandeiko festak, sanjoanak, udaren hasiera, sua, nire urtebetetzea… Laket erromeriak beti hasten du saioa abesti honekin, urtero urtero. Eguzkia, lagunak eta parranda etortzen zaizkit burura".

  • Beste zerbait (J Martina)

"Abesti hau etxera bidean abestu izan dut lagun batekin saltoka eta barrezka. J Martina izan da niretzako azken urteetako aurkikuntzarik interesgarriena euskal musikan. Asko egiteko, gutxi baina zorrotz jardutea bezalakorik ez dago, eta martinatarrak nagusi horretan. Gernikako Astran ikusi nituen lehen aldiz, oroitzapen ederrak ditut".

  • Gaua (Lourdes Iriondo)

"Duela urte batzuk, lehenengo aldiz entzundakoan harrapatu ninduen kantuak. Nire gurasoen eta amona-aitonen garaiak datozkit gogora, kontu zaharrak, istorioak… gauza guzti horien zalea naiz, eta kantu honek horretara narama".

  • XXX (Gose)

"Gose izan da niretzako erreferentzia musikal nagusia urte luzeetan. Nire autoko soinu banda da gehienetan. Proposamen eszeniko bat zuen musika talde bat ikusi nuen txosnagune batean: argiak, eszenografia, jantziak, kontzertuaren bidaia… horrek itsutu ninduen, musika egiteaz gain, espektakulurako zuten kontzientziaz. Oholtza gaineko botere hori eta Osinagaren hitzak oso presente izan ditut nire sormen lanetan".