Urrestillako sanjoanak 2023

Benetako herri ekimenez

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 22a, 10:52

Etzi inauguratuko duten plaka ezarrita egongo den harria jartzeko lanetan hartutako irudia. (Utzitakoa)

Joanes Antxieta musikariak eta Joanes Antxieta eskultoreak oroimenezko plaka izango dute etzitik aurrera Urrestillako plazan. Herritarren ekarpenekin ordaindu dituzte egitasmoaren gastu guztiak.

"Antxietatarren herritartasun aldarria" izeneko ekitaldia dakar aurten, beste askoren artean, Urrestillako San Joan jaien egitarauak. Etzi, San Joan egunez, bi Juan, Joan edo Joanes Antxieta, musikaria (1462-1523) eta eskultorea (1533-1588), Urrestillan sortu zirela gogoratzeko, bien omenezko plaka jarriko dute Antxieta plazaren barrenean, Antxieta elkartetik oso gertu, dagoeneko prest dagoen harriaren gainean. Izan ere, Azpeitiko parrokiaren aurrean dagoen Antxieta Etxea ezagunago bihurtu den arren, Antxieta leinuaren oinetxea –bi etxetan banatuta– Urrestillan dago.

San Joan eguerdian, 12:00etako meza bukatu ondoren, lore eskaintza batekin inauguratuko dute plaka: herriko haurrek, Azpeitiko alkateak eta Urrestillako Parrokiako Abesbatzeko kideek utziko dituzte San Joan lorez egindako sortak plaka berriaren ondoan, Azpeitiko Udal Musika Bandaren doinuak lagun dituztela, plazan bertan egingo duten mokaduaren aurretik. Aurretik, mezan, Antxieta musikariaren O bone Jesu abestuko du koruak.

Pertsonaia ezagunen edo esanguratsuen omenezko plakak jartzea ez da inolaz ere berrikuntza, baina etzi Urrestillan inauguratuko duenak badu berezitasun bat: herritarren borondatezko ekarpenekin soilik ordaindu dute.

Mendeurrena abiapuntu

Joanes Antxieta musikariaren heriotzaren 500. urteurrena dago Urrestillan antxietatarrei gorazarre egingo dien plakaren eta haren bueltako ospakizunen sorburuan. Eta herriko lagun talde bat, ekimenaren atzean.

Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Azpeitiko Udalak Antxietaren heriotzaren bosgarren mendeurrena zela-eta ekintzak antolatu zituztela jakinda –besteak beste, kontzertu bat abuztuaren 18an, Urrestillako elizan–, "zergatik ez jarri zerbait Urrestillan bertan, antxietatarrak urrestildarrak zirela adieraziz", pentsatu, eta asmoa gauzatzeko lanari ekin zion lagun taldeak. Eta Berpizkunde garaiko musikari ezagunaren izenarekin batera, izen bereko haren ahaide eskultorearena ere gogora ekartzea erabaki zuten.

Azpeitiko Udalarekin jarri ziren harremanetan, besteak beste, plaka plazan jartzeko asmoaren berri emateko eta baimena lortzeko. Udalak begi onez hartu zuen proposamena. Argi utzi nahi dute ekimenaren sustatzaileek udala "ordaintzeko pronto ere" azaldu zela, "kontrakoa" entzun duten arren. Sustatzaileak izan ziren plaka eta hura ezartzeko harriaren gastua "herritarren ekarpenekin" ordaintzeko asmoa agertu zutenak.

"Falta bagenuen eskatuko geniela esan genien udalekoei, osatzeko", diote, baina ez dute horren beharrik izan; alderantziz. Facebooken zabaldutako mezu bat eta ahoz ahokoa izan dira egitasmoaren berri emateko erabili dituzten tresnak, eta erantzun bikaina jaso dute: 111 lagunek egin dute diru ekarpena eta 2.220 euro jaso dituzte guztira. Ekarpena egin duten "gehienak" urrestildarrak izan dira, baina herriarekin harreman zuzenik ez duten batzuek ere jarri dute beren aletxoa. Eta horrela, harria eta plaka ordainduta, ekarpena egin duten lagun guztientzat Juanba Berasategiren Urrestilla herri da lelodun ilustrazio ezagunarekin pin-ak enkargatuta, eta San Joan eguerdiko ekitaldia borobilduko duen hamaiketakoaren jeneroa ordainduta, 510 euro sobera gelditu zaizkie, eta diru hori Festa Batzordeari ematea erabaki dute.

Aipatzekoa da, era berean, harria jartzeko lanak musu-truk egin dituela Jon Etxeberria herritarrak, eta Antxieta elkarteak parte hartuko duela etziko hamaiketakoan. Diru ekarpenak ez ezik, bestelakoak ere batu ditu bi antxietatarrei gorazarre egiteko ekimenak.

Plaka sostengatuko duen harria, berriz, Urrestillan bertan topatu zuten, Olatxo eta Bekola baserrien arteko kanalaren paretan.

"Azpimarratzekoa"

Ekimenak izan duen harrerarekin gustura eta eskertuta dago lagun talde sustatzailea.

"Gehiago behar izan bagenu, bikoitza ere bilduko genukeen, ez daukagu zalantzarik. Jendeak oso borondate onez jarri du dirua, eta hori azpimarratzekoa da", diote.