Urrestillako sanjoanak 2023

Kaleratu dute Urrestillako sanjoanetako egitaraua

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 13a, 12:15

2022ko sanjoanetako zuhaitzaren sartzea. (Maialen Etxaniz)

Urtero bezala, ekintza ugari antolatu dituzte Urrestillako festetarako adin guztietako herritarrentzat. Aurtengo berritasun moduan, antxietatarren herritartasunaren aldarria egingo dute San Joan egunez. Festen atarian, asteburu honetan, krosa eta Jubilatuen Eguna izango dira.

Urteko egunik luzeenak diren arren, motzegiak egiten zaizkie urrestiladarrei sanjoanak. Aurtengo festetarako ere egitarau oparoa aurkeztu dute, ekainaren 17tik ekainaren 26ra adin guztietako herritarrentzat egingo dituzten hainbat ekintzarekin. Ohi bezala, otorduak, kontzertuak, zuhaitzaren sartzea eta San Joan suaren piztea izango dira egitarauaren parte.

Aurten, lehenengo aldiz, antxietatarren herritartasunaren aldarria egingo dute ekainaren 24an, San Joan egunean. Hain zuzen ere, Joanes Antxieta hil zela 500 urte betetzen dira aurten, eta horren harira, plaka jarriko dute Urrestillan haren omenez, eta lore eskaintza ere egingo diote.

Dagoeneko jarri dituzte salgai jaietarako antolatu dituzten otorduetarako txartelak. Ekainaren 23ko herri afarirako txartelak Bixker eta Mara-Mara tabernetan erosi ahal izango dira, helduenak 30 eurotan eta haurrenak hamabi euroren truke. Ekainaren 25eko sagardo dastaketarako ere Bixker jatetxean eros daitezke txartelak, 40 eurotan. Horiek guztiak erosteko azken eguna ekainaren 18a izango da.

Dena den, asteburu honetan egingo dituzte festen atariko ekitaldiak. Zapatuan, esaterako, San Joan herri krosaren XIX. aldia egingo dute 17:00etan hasita. Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna izango da. Hamaiketakoarekin ekingo diote egunari, eta 14:00etan bazkaria egingo dute. Bazkal ostean, berriz, bingo saioa gauzatuko dute.

Hona hemen festen harira prestatu duten egitaraua:

Ekainak 17, larunbata

16:30. Herri Krosa.


Ekainak 18, igandea (Jubilatuen Eguna)

13:00. Hamaiketakoa.

14:00. Bazkaria. Bazkalondoren, bingoa.


Ekainak 23, ostiral: San Joan bezpera

21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria. Ondoren, herri afaria.

00:00. San Joan zuhaitza sartu.

00:30. San Joan sua piztea eta suaren inguruan dantzaldia. Jarraian, Laket taldearekin erromeria.


Ekainak 24, larunbata: San Joan eguna

11:00. Trikitilari gazteen kalejira.

13:00. Antxietatarren herritartasunaren aldarria.

13:15. Buruhandiak.

18:00tatik aurrera kontzertuak:

Deñe, Gabezin eta Ukabil. Ondoren, DJ Lizartxo


Ekainak 25, igandea: San Joan Txiki eguna

12:30. Sagardoa.

14:00-14:45. Muserako izen-ematea.

15:15. Mus txapelketa.

16:00. Puzgarriak.

17:30. Merienda.

20:30. AGL dantzak.


Ekainak 26, astelehena: San Joan Hirugarrena

17:00. Umeentzako jolasak.

18:30. Tortilla patata lehiaketa. Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

Autobusak 

Autobus zerbitzua ere egongo da joan-etorrietarako:

Ekainak 23

Azpeitian: 19:15*, 20:40* eta 22:30.

Urrestillan: 1:30; 3:30 eta 6:00.

Ekainak 24

Azpeitian: 18:30 eta 20:40*.

Urrestillan: 1:30; 3:30 eta 6:00.

(*Lineako autobusak)