Urrestillako sanjoanak 2023

Berrikuntzekin dator Urrestillako XIX. San Joan Herri Krosa

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 11:21
San Joan Herri Kroseko artxiboko irudia.

Ekainaren 17an, larunbatez, egingo dute XIX. San Joan Herri Krosa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten 0-8 urte bitartekoen lasterketa ez da lehiaketa izango, "korrika topaketa" baizik. Haurren topaketan parte hartzeko izen-ematea egunean bertan egin beharko da. Helduen lasterketan, aldiz, dagoeneko eman daiteke izena. 

Urrestillako Festa Batzordeak XIX. San Joan Herri Krosa antolatu du ekainaren 17rako. Aurtengoan berrikuntzak egin dituzte San Juan jaien bueltan antolatu ohi duen atletismo proban; izan ere, orain artean haurrentzako antolatu duten proba lasterketa eta lehia formatuan egin dute. Aurten, baina, 0-8 urte bitartekoen lasterketa ez da lehiaketa izango, "korrika topaketa" baizik. 

17:00etatik aurrera, bost proba egingo dituzte guztira, adin eta maila ezberdinetako korrikalarientzat; azkena, nagusiena, 18:00etan hasiko da. Honako hau da ekainaren 17an arratsaldean Urrestillan izango diren lasterketen ordutegia:

  • 17:00: 0 eta 8 urte bitartekoen korrika topaketa (200 metro).
  • 17:15: Benjaminen (LHko 3. eta 4. mailatakoen) lasterketa (550 metro).
  • 17:30: Alebinen (LHko 5. eta 6. mailatakoen) lasterketa (950 metro).
  • 17:45: Infantilen (DBHko 1. eta 2. mailatakoen) lasterketa (1.190 metro).
  • 18:00:
    • Kadeteen (DBHko 3. eta 4. mailatakoen) lasterketa (2.300 metro).
    • Jubenilen lasterketa (4.500 metro).
    • Seniorren eta beteranoen lasterketa (8.850 metro).

Topaketa eta lasterketak amaitu ostean, txikienentzat merienda eta zozketak egingo dituztela jakinarazi dute Urrestillako Festa Batzordeko kideek. 

Helduen izen-ematea, zabalik

18 urtetik gorakoek dagoeneko  eman dezakete izena Urrestillako kroserako, Herrikrosa.eus webgunean; ekainaren 14an itxiko dute Interneteko izen-ematea. Internetez izena ematen dutenek hiru euro ordaindu beharko dute, eta egunean bertan ematen dutenek bost euro. Lasterketen egunean bertan nahi duten guztiek eman ahalko dute izena Urrestillako plazan, 15:30etik aurrera.