Udal eta foru hauteskundeak 2023

Zapatuan egingo dute udalbatza berria eratzeko kargu hartze ekitaldia

Julene Frantzesena 2023ko eka. 15a, 14:50
Udaletxearen etxaurrea. (Maialen Etxaniz)

12:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian. Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea datorren agintaldian ere. EH Bilduk hamar hautetsi izango ditu 2023-2027 agintaldian, eta EAJk, berriz, zazpi. Udal ordezkari gehienak berriak izango dira.

Udal bozak pasatu eta ia hiru astera, zapatuan, ekainaren 17an, egingo dira udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Azpeitian ere larunbatean egingo dute, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Hain zuzen ere, egun eta ordu horretan hartuko dute kargua 2023-2027 agintaldian Azpeitiko udalbatza osatuko duten hautetsiek.

Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea datorren agintaldian ere. Ondorioz, hark jasoko du aginte makila berriro ere, EH Bilduk gehiengo osoz irabazi baitzituen bozak maiatzaren 28an. Aurreko agintalditik zuen zinegotzi kopuruari heldu dio koalizioak, baita EAJk ere; izan ere, bukatzear den agintaldian zazpi zinegotzi izan dituzte jeltzaleek, eta hurrengoan ere hala izango ditu.

Zinegotzietan, baina, aldaketak izango dira bi alderdien kasuan. 2019-2023 agintaldian udal hautetsi izan diren kide gehienek ez dute karguan segituko. Honako hauek utziko dute udaleko jarduna: EH Bilduko Josu Labakak, Eneritz Albizuk, Aitor Bereziartuak, Agustin Lizarraldek, Ainara Larrañagak, Idoia Arrizabalagak eta Egoitz Arrutik; eta EAJko Amaia Etxeberriak, Rebeka Larrañagak, Ander Ugartek, Izaskun Abaunzek, Aritz Azpiazuk, Jon Beristainek eta Alberto Frantzesenak.

Horrenbestez, hainbat hautetsi berri izango dira hurrengo agintaldian Azpeitiko Udaleko ordezkari. EH Bildu ordezkatuko dute udalean lehen aldiz Joanes Amenabarrek, Ander Larrañagak, Leire Sarasuak, Idurre Zabaletak, Ion Oteizak, Aitor Larrañagak eta Miren Arrietak, eta EAJ, berriz, Jabier Altunak, Nerea Aldaik, Antonio Gallarinek, Hegoa Larzabalek, Jokin Badiolak, Edurne Enparanek eta Alexander Silvak.

Honako herritar hauek osatuko dute udalbatza berria: