Udal eta foru hauteskundeak 2023

Gehiengo osoari eutsita, EH Bilduk irabazi du Azpeitian

Nerea Uranga 2023ko mai. 28a, 21:45

Azken hiru udal hauteskundeetan EH Bildu izan da indar nagusia Azpeitian, eta EAJ bigarrena. Udalean EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu eta EAJk zazpi. Parte hartzea hamar puntu jaitsi da udal bozetan, %39,47koa.

EH Bilduk irabazi ditu 2023ko udal hauteskundeak Azpeitian. Gehiengo osoa berretsi du, botoen %55,44 lortuta (3.742 boto). EAJk, berriz, bozen %38,70 eskuratu ditu; 2.612 boto. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko da udala datozen lau urteotan ere: EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu eta EAJk zazpi. Azkenengo bi agintaldietan –2015etik 2019ra artekoan eta 2019tik 2023rakoan– ere halaxe izan da. Horrenbestez, azken agintaldian bezalaxe, Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea 2023-2027 agintaldian.

Azpeitiko beste hiru hautagai zerrendek ez dute ordezkaritzarik lortu: PSE-EEk 167 boto lortu ditu (%2,47), Elkarrekin Podemos koalizioak 65 boz (%0,96) eta PPk, berriz, 56 boto (%0,83). Boto zuriak 108 (%1,57)  izan dira eta baliogabeak 144 (%2,09).

11.389 herritar zeuden botoa ematera deituta udal hauteskundeetan, eta 6.894 lagunek eman dute botoa. Azpeitian parte hartzeak behera egin du udal hauteskundeetan; hamar puntu jaitsi da azken udal bozetatik. Abstentzioa %39,47koa izan da 2023ko udal hauteskundeetan; %29,29ko abstentzioa izan zen 2019an eta %34,17koa 2015ean.

Gehiengo osoa hirugarren aldiz

Aurreko azken bi udal bozetan ere EH Bilduk gehiengo osoa eskuratu zuen Azpeitian, baina oraingoetan boto kopuruan behera egin du; 747 boto galdu ditu. 2019an botoen %57,11 lortu zituen, 4.489 boto.

EAJ bigarren indarra izan da Azpeitian azken udal hauteskundeetan. Alderdi jeltzaleak ere, botoak galdu ditu 2019ko hauteskundeekin alderatuta; bozen %38,49 jaso zituen, 3.025 boto. Oraingoetan, berriz, 413 boto gutxiago jaso ditu.