Sanjuandegiko festak 2023

Mantangorriren agurrarekin, bukatu dira aurtengo Sanjuandegiko festak

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 4a, 21:00

Egunotan saldu dituzten boletoen zozketa egin dute Xanjuandegi Auzolanean elkarteko kideek, auzoko merkatariek emandako produktuekin osatutako otarrea nori eman erabakitzeko, eta zenbaki saritua 824 dela jakinarazi dute. Astebeteko epean jaberik agertuko ez balitz, 649 zenbakidun boletoaren jabearentzat izango litzateke otarrea.

Ekaineko lehendabiziko asteburuan izaten dira Sanjuandegiko festak, eta astebete lehenago, larunbatez, Umeen Eguna egin ohi dute auzoan. Hain zuzen ere, egun hori izaten da festak ate joka direnaren seinalerik argiena. Hurrengo egunetan, ohikoa izaten da ekitaldi bereziren bat edo beste auzoan; normalean, bertso afaria, Mus Txapelketa eta pare bat kontzertu. Ofizialki, ordea, ostiralean 19:00etan hasten dira Sanjuandegiko festak, txupinazoa bota eta Mantangorri auzora jaisten denean. Halaxe izan da aurten ere. Ostiral arratsaldetik gaur iluntzera arte, festak ez du etenik izan auzoan, eta ehunka izan dira Xanjundegi Auzolanean elkarteak antolatu dituen jardueretan eta ekitaldietan parte hartu duten herritarrak. Baina, kito; 20:00etan, Juan Antonio Agirre plazan bildu diren herritarren txalo artean, Mantangorrik zerurako bidea hartu du berriz ere, eta horrela, bukatutzat eman dituzte aurtengo festak.

Horren aurretik, egunotan saldu dituzten boletoen zozketa egin dute Xanjuandegi Auzolanean elkarteko kideek, auzoko merkatariek emandako produktuekin osatutako otarrea nori eman erabakitzeko, eta zenbaki saritua 824 dela jakinarazi dute. Boleto irabazlea daukan herritarrak astebeteko epea izango du antolatzaileekin harremanetan jarri eta saria jasotzeko. Datorren igande iluntzerako agertuko ez balitz, 649 zenbakidun boletoaren jabearentzat izango litzateke otarrea, eta hark ere astebeteko epea izango luke antolatzaileekin harremanetan jarri eta saria jasotzeko.