Sanjuandegiko festak 2023

Emakumeek ere lekua egin dute Sanjuandegiko festetako herri kirol jaialdian

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 4a, 20:30

Xabier Aranburu Guzta urrestillako bizilaguna eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra zein Udane Ostolaza oriotarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra harri jasotzen aritu dira, eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra aizkoran.

Sanjuandegiko festetako egitarauan, Mantagorri agurtu aurreko ekitaldia, herri kirol erakustaldia izan ohi da beti, eta aurtengoan ere halaxe izan da; baina berrikuntza batekin: lehendabiziko aldiz, herri kirol saio mistoa izan da gaurkoa, alegia, kirolari gizonez gain, emakumeak ere atera direla plazara. Xabier Aranburu Guzta urrestillako bizilaguna eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra zein Udane Ostolaza oriotarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra harri jasotzen aritu dira, eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra aizkoran.

Hainbat lan egin behar izan dituzte kirolariek, saioa ikustera joan diren dozenaka herritarren aurrean. Besteak beste, 175 kiloko harri laukizuzenarekin eta 138 kiloko kubikoarekin aritu dira gizonak, eta 88 kiloko laukizuzenarekin eta harri baldarrarekin emakumeak; eta enbor bat ahalik eta kolpe gutxienetan ebakitzeko erronkari aurre egin behar izan diete aizkolariek.