Mosaikoa egin dute plazan, euskal presoak etxeratzeko eskatzeko

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 20a, 19:38

Etxera Egunean, eguerdian, bazkari jendetsua egin dute Azoka Plazan. Arratsaldean, berriz, dozenaka herritarrek mosaiko osatu dute herriko plazan, eta Leherkaitz taldeko bi kideak Etxera Egunerako egindako Garaia da abestia jo dute.

Azpeitiko Sarek antolatuko lehendabiziko Etxera Egunari krosarekin eman diote hasiera, eta han botatakoak errekuperatzeko, eguerdi partean bazkaria egin dute Azoka Plazan. Asko izan dira bazkarira animatu diren herritarrak. Bazkalostean, Joxe Aldasororen bakarrizketaz gozatu dute helduek; umeei, berriz, ipuinak kontatu dizkie Amaia Elizagoienek.

Egitarauko hurrengo hitzordua 18:00etarako zuten jarrita plazan, mosaikoa egiteko, eta hara ere zintzo azaldu da jendea. Aterki zuriak eskuetan zituztela, bi gezi irudikatu dituzte bildutakoek, euskal presoen etxeratzea eskatzea. Leherkaitz taldeko bi kidek Etxera Egunerako sortu dute Garaia da kanta jo dute zuzenean, eta Eneritz Albizuk adierazpen bat irakurri du, azalduz zergatik den oraindik ere horren beharrezko Etxera Eguna bezalako egitasmoak antolatzea. Sakabanaketa politika bukatutzat jo arren, oraindik ere euskal presoek salbuespen neurrien pean jarraitzen dutela nabarmendu du, eta besteren artean, Gotzon Aranburu azpeitiarra dela egoera horretan dagoen presoetako bat. Euskal presoei etxerako bidean oztoporik ez jartzeko eskatu du Albizuk.