Ander Iriarte: "Badakigu hemen torturatu dela, baina ez gara jabetzen noraino iritsi den tortura"

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 19a, 11:26
Ander Iriarte, 'Karpeta urdinak' dokumentalaren egilea. (Gorka Estrada)

Gaur iluntzean, 22:00etan hasita, Ander Iriarte oiartzuarraren (Gipuzkoa) Karpeta urdinak dokumentala botako dute Soreasu antzokian. Euskal Herrian gutxienez 5.379 herritarrek torturak jasan dituztela baieztatzen duen txosten batean du oinarria dokumentalak, eta Eusko Jaurlaritzak aginduta egindakoa da txosten hori. Iriarte bera Soreasun izango da gaur, eta harekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek. Emanaldirako eta solasaldirako sarrerak eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

Karpeta urdinak dokumentalak Kriminologiaren Euskal Institutuak 2016an aurkeztu zuen EAEko torturari buruzko txostena du oinarrian. Zergatik erabaki zenuen dokumentala egitea, eta zer helbururekin egin duzu?

2016an Euskal Kriminologia Institutuaren txostenaren aurkezpenera joateko zortea eduki nuen. Nire burua torturaren inguruan nahikoa jakituntzat neukan, banekizkien kasu ezagun eta handienak, baina han ikusi nuenak nire amesgaizto guztiak askogatik gainditu zituen. Gogoratzen naiz une hartan pentsatu nuela 'kito, hau txosten ofizial bat da, Eusko Jaurlaritzaren zigilua dauka; eta beraz, orain neurriak hartzen hasiko dira erreparaziorantz, egiarantz, bai ekonomikoak, bai prestakuntzakoak Osakidetzan artatzeko behar den jendea, eta batez ere garrantzitsuena, ahalegin bat egingo zela arazo hau gizarteratzeko'. Baina konturatu nintzen txostena egin zutenentzat zerbaiten hasiera izan behar zuena, amaiera bera zela. Eta ikustean ez zela ezer pasatzen eta ikustean ez zela gizarteratzen, dokumentala egitea erabaki nuen, ez baita gauza bera ikerketa bat egitea eta hori gizarteratzea. Horren adibide da, esaterako, Pasaiako badian gertatu zenarekin gertatu dena; familiak orain jakin duela hiru urtean kaxoi batean egon dela beraien tesia baieztatzen zuen txostena.

Euskal Herrian gutxienez 5.379 herritarrek torturak jasan dituztela baieztatzen du Eusko Jaurlaritzaren txostenak, eta horietatik 300 kasutan Ertzaintza izan dela torturak gauzatu dituena. Uste duzu herritarrak benetan jabetzen direla torturak Euskal Herrian izan duen dimentsioaz? Gizarte bezala, horri nola eman diezaiokegu buelta?

Nik uste gaur egun badakigula hemen torturatu dela, baina ez dugu eremu erraza jarri hitz egiteko; beraz, ez gara jabetzen noraino iritsi den tortura. Proportzionalki hitz egiten ari gara urtean ia ehun pertsona torturatu direla, eta horrek gure gizartean izugarrizko trauma eta izugarrizko arazoa utzi ditu. Hortaz, bai, badakigu hor dagoela, baina oraindik ez dugu bere dimentsioa ulertu, eta ez dizkiegu horrek ekarri dituen arazoei eta ekarriko dituen arazoei konponbideak jarri. Nik uste dut gizarteak tratatu behar duen lehen mailako arazoa dela, eta horregatik da garrantzitsua dokumentala ikustea, jabetzeko arazoaz, ulertzeko nola funtzionatzen duen sistemak berriro pasatu ez dadin; eta jar ditzagun bermeak hau guztia jakin dadin eta eztabaidako lehen planora pasatu dadin.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenuen lana, eta harrezkero, Euskal Herriko hainbat herritan bota dute. Zer moduzko erantzuna izan du?

Egia esan, erreakzioa nahikoa ikaragarria izaten ari da, eta desberdina tokiaren arabera. Orain dela gutxi Madrilgo DocumentaMadrid jaialdian dokumental onenaren saria eman digute, eta han sentsazioa izan zen nola demontre pasatu den hori guztia beraien begien aurrean beraiek ezer jakin gabe. Europan, sentsazio arraroak eragiten ditu dokumentalak; Latinoamerikan, ez dute ulertzen hori Europan pasatzerik, gehiago identifikatzen duten beraien inguruarekin; eta Euskal Herrian, erreakzioa bestelakoa da, denok baitaukagu familiakoren bat, lagunen bat, ezagunen bat torturatua izan dena. Noski, jabetzen gara minaz, baina dokumentalari esker, behingoz jartzen dizkiogu hitzak gauza askori, eta nik uste dut hitz egiten hasteko lehen pauso bezala balio izan diela askori.

Zer esango zenieke gaur Azpeitiko emanaldira joan edo ez dudan dauden horiei?

Esango nieke joateko, susmoa izango duten bezala bidaia gogor bat datorkiela aurretik, baina gure dokumentala ez dela morbosoa, ez dela bakarrik gaizki pasatzeko dokumental bat, garrantzi handia eman diogula hausnarketari eta pentsamenduari, eta seguruenik torturaren inguruan eta gure gizartearen inguruan sekula pentsatu ez duten lekuetara eramango dituela. Ziur nago ez direla damutuko joatez.