Zapatuan hasiko da Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa

Nerea Uranga 2023ko mai. 3a, 15:00
Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Maiatzeko zapatuetan elektrotxarangek girotuko dituzte Alde Zaharreko kaleak, Alde Zaharreko Tabernarien Elkartearen (AZTE) eta Azpeitiko Udalaren ekimenez. Datorrenean Zumaiako Hamarru taldearen txanda izango da, 21:00etan hasita. Hurrengo hiru zapatuetan, berriz, bina talde ariko dira egun bakoitzean.

Maiatzeko lau larunbatetan Euskal Herriko II. Elektrotxarangen lehiaketak hartuko ditu Alde Zaharreko kaleak. Lehen edizioaren gisan, bigarren lehiaketa ere Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak antolatu dute. Lehiaketako elektrotxaranga txapeldunak 6.000 euroko saria jasoko du. Lehen edizioa Elektrotxufla taldeak irabazi zuen.

Zazpi talde izango dira lehiaketan parte hartuko dutenak. Beraz, iaz baino egun bat zein talde bat gehiago izango dira aurtengoan; tartean, Azpeitiko Skapaie. Lehen zapatuan ez beste hiruretan bina taldek eskainiko dute emanaldia. Datorren zapatuan, maiatzaren 6an, hasiko da lehiaketa Zumaiako Hamarru taldearekin, 21:00etan.

Lehiaketaren formatuari dagokionez, lehen ediziokoa errepikatuko dute antolatzaileek. Horrela, egun bakoitzean bi elektrotxarangak eskainiko dute emanaldia Alde Zaharreko kaleetan: batek herriko plazatik Perez Arregi plazarainoko ibilbidea beteko du, 19:00etan hasita; eta besteak alderantzizko bidea egingo du, Perez Arregitik plazaraino, 20:30ean hasita. Formatu hori, ordea, ez da beteko lehiaketaren lehen jardunaldian; datorren zapatuan, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren egun berean, talde bakarra ibiliko baita kalez kale.

Hona hemen, Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren egutegia:

Maiatzaren 6a, larunbata, 21:00etan.

  • Hamarru elektrotxaranga.

Maiatzaren 13a, larunbata, 19:00etan.

  • Elektrotxorongo eta Elektrotxufla.

Maiatzaren 20a, larunbata, 19:00etan:

  • Elektrokela eta Skapaie.

Maiatzaren 27a, larunbata, 19:00etan:

  • Distopia eta OstiKda.