Elektrotxuflak irabazi du Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 10a, 17:01
Elektrotxufla Azpeitiko plazan.

Lehiaketa irabazita, 6.000 euroko saria eskuratuko du Elektrotxuflak. Udalak gaur jakinarazi du epaimahaiaren ebazpena, eta aurreratu duenez, talde irabazleak saninazioen bueltan beste saio bat eskainiko du. Orduan egingo dute sari banaketa. 

Elektrotxufla kaleko banda izan da nagusi Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketan. Horrela ebatzi du epaimahaiak, eta hala jakinarazi du gaur Azpeitiko Udalak. Horrenbestez, Elektrotxuflako musikariek 6.000 euroko saria jasoko dute. Udalak aurreratu duenez, talde irabazleak saninazioen bueltan beste saio bat eskainiko du herrian, eta orduan egingo dute sari banaketa. 

Elektrotxuflak pozez hartu du berria. Instagram bidez jakinarazi zuen berria, eta eskerrak eman zizkien Azpeitiko Udalari, tabernarien elkarteari eta bertaratutako herritarrei: "Eskerrik asko gurekin dantzatu zenuten guztiei! Eta noski, Azpeitiako Udalari eta tabernariei ekimena antolatzeagatik. Plazetan ikusiko dugu elkar!"

Azpeitiko Udalak eta AZTE tabernarien elkarteak, aurrenekoz antolatu dute Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa, "herriko kaleetan giroa sortzeko helburuz". Hori dela eta, maiatzean zehar, asteburuz asteburu, hainbat elektrotxarangek musikaz jantzi zituzten Alde Zaharreko kaleak. Maiatzaren 7an hasi zen lehiaketa, eta lehen saio horretan parte hartu zuen Elektrotxuflak, Zutik taldearekin batera. Maiatzaren 21ean, 3 Indarrok eta Game of Txaranga taldeen txanda izan zen, eta maiatzaren 28an, Matraka eta Ostikada elektrotxarangek girotu zituzten herriko kaleak musikaz.

Hona hemen maiatzaren 7an Elektrotxuflaren eta Zutiken emanaldian hartutako irudiekin Erlo Telebistak egin zuen bideoa: