Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Gizarte kohesioaren alde" egingo duen taldea aurkeztu du EAJk udal hauteskundeetarako

Julene Frantzesena 2023ko api. 28a, 10:17

Azpeitiko EAJk atzo aurkeztu zuen udal bozetarako zerrenda jendaurrean. Jabier Altunak, Joseba Egibarrek eta Maria Eugenia Arrizabalagak gidatu zuten ekitaldia. EAJren zerrendaburuaren arabera, gizartea politikarekiko konpromisoa "galtzen" ari da, eta horri buelta emateko gakoak "lana, kudeaketa garbia eta konfiantza" direla esan du.

Azpeitiko EAJk atzo, ostegunez, aurkeztu zuen datorren maiatzaren 28ko udal bozetarako hautes zerrenda. Jabier Altuna zerrendaburuak, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak eta Maria Eugenia Arrizabalaga foru bozetarako EAJren Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak gidatu zuten Basazabal jauregian egindako aurkezpen ekitaldia, eta Azpeitiko zerrenda osatu dutek kideak izan ziren, besteak beste, protagonista. Gainera, hainbat herritar ere joan ziren aurkezpenera.

EAJren Azpeitiko alkategaiak azaldu zuenez, zerrenda osatu duten kideak "ausartak" izan dira, pausoa eman dutelako. "Eskerrak eman beharrean nago, erantzukizuna erakutsi duzuelako. Politika gaizki ikusita dagoen garaiotan, pausoa eman duzue, ardura hartu duzue". Haren arabera, gizartea politikarekiko konpromisoa "galtzen" ari da, eta horri buelta emateko gakoak "lana, kudeaketa garbia eta konfiantza" direla esan du. "Azpeitian eta Gipuzkoan, umiltasunez, egoerari buelta ematen saiatuko gara. Gauzak aldatzen ari dira, eta ez da erraza izango, baina gure gurasoentzat ere ez ziren errazak izan gauzak, eta gaur egun gazteak ondo prestatuta daude. Zortea dugu horretan, eta aurrera begiratu behar dugu, itxaropenez".

Altunaren ustez, populismo eta errezeta errazetatik "ihes" egin behar da, eta herriari "egia" esan behar zaio. "Lana ondo eta hobeto egin beharko dugu egungo bizi mailari eusteko. Azpeitian gaizki bizi al gara? Ezetz uste dut, soldata duina dugunok ondo bizi garela uste dut. Gainera, Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren azpitik dago, eta hori aitortu egin behar da. Baina 2008ko krisiaren ondotik herritar asko joaten da Azpeititik kanpora lanera". EAJk "gizarte kohesionatua" nahi duela azpimarratu zuen, eta horretarako giltza "enplegua" dela esan. "Soldata duinak dira horren oinarria".

Udal bozetarako prestatu duten programaren gaineko zenbait zertzelada ere azaldu zituen Altunak, eta aurrez aipatutako helburuak betetzeko, EAJren xede nagusia industria suspertzea dela azaldu zuen. "Herrira lanbide heziketa ekartzea nahi dugu. Bestalde, dendariak ditugu gogoan, Internetek izugarrizko kaltea egin dielako horiei; Erdikalea ikusi besterik ez dago, lokalak ixten ari dira... Hori dela eta, dendariei tasak jaitsiko dizkiegu. Horrez gain, kirolari lotuta, Garmendipe gunerako hainbat proposamen ditugu". Herriaren txukuntasunean ere egin zuen azpimarra jeltzaleak, ez zikintzea herritar guztien ardura dela eta balore aldaketa gauzatzea behar dela esatearekin batera. "Gainera, segurtasuna indartzea ere nahi dugu. Pepe Gilen liburuan ikus daiteke 1988ko Udaltzaingoaren irudi bat, eta orduan ja hemezortzi udaltzain-edo ziren taldean. Gaur egun, zenbat dira, hemeretzi? Udaltzaingoa indartuko eta modernizatuko dugu".

Honako hau da Azpeitiko EAJren udal hauteskundeetarako zerrenda, hurrenkera kontuan hartuta: Jabier Altuna, Nerea Aldai, Antonio Gallarin, Hegoa Larzabal, Jokin Badiola, Edurne Enparan, Alexander Silva, Iñaki Sagarzazu, Miren Jauregi, Ignacio Javier Etxeberria, Berta Amozarrain, Iñaki Arriaga, Aritz Ansorregi, Mari Kruz Guridi, Onintza Etxeberria eta Julian Eizmendi.

 

EAJren eredua, edo "besteena"

Foru hauteskundeetan Deba-Urola barrutiko zerrendaren buru Arrizabalagak ere hartu zuen hitza, eta hark zerrenda osatu duten hautetsiek erakutsi duten "herrigintzarako konpromisoa" azpimarratu zuen. "Eman duten pausoa eta azaldu duten konpromisoa oso garrantzitsuak dira. Izan ere, zer da Eusko Alderdi Jeltzalea? EAJ eta gu abertzaleak gara, eta abertzaletasunak bizirik iraungo badu, ezinbesteko osagaia da konpromiso politikoa, eta horrekin batera, balore komunitarioa". Haren arabera, EAJren proiektu politiko osoa "Euskadiren nazio eraikuntzak" laburbiltzen du: "Behetik gora eraikitzen da nazioa, herri kontzientziaz jardunez herriz herri. Hori Azpeitian, Laudion, Durangon, Altsasun eta Kanbon gertatzen da, herri bereko hautetsiak garelako, abertzaleak garelako".

Arrizabalagak, halaber, herrigintzan aritzeko erabakiak hartzea "ezinbestekoa" dela azaldu zuen, eta erabaki horietan asmatzea. "EAJk urte pila bat daramatza horretan, hainbat erabaki hartu behar izan ditu urteetan, eta erabaki horietako batzuk estrategikoak, gainera. Eta horretan ere asmatu egin du EAJk". Bi eredu daudela ere esan zuen: "EAJrena, bata, herria errespetatzen duena, herriaren eskutik lan egiten duena, ekonomiaren garapena eta justizia soziala bilatzen dituena, inor atzean uzten ez duena; bestea, beste batzuena, ezkortasunaren profeten eredua. Datozen hauteskundeetan bi horien artean erabaki beharko da, eta beste horien jarduna ezagutu ahal izan genuen 2011tik 2015era, Gipuzkoako Foru Aldundian egon baitziren agintean; agintzen saiatu ziren, gehiengo demokratikoaren kontra".

"Herri proiekturik ez dute"

Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, bere aldetik, politikari buruzko desafekzioari buruzko inkesten emaitzetan ez duela sinesten esan zuen. "Populismoak horrela hartzen du tokia, hainbestetan esaten da politikak ez duela tokirik... Populistek aurrera egiteko bi baldintza behar dituzte: arazoak pilatzea eta erakundeen ahultasuna. Tokian tokian ere baditugu populistak, gurean ere badira 'zenbat eta okerrago hobe' pentsatzen dutenak". Egibarrek "ezker abertzalearen" gainean jarri zuen fokua. "Ezker abertzaleak politikaren bidea hartu du, beste bideak –ETArenak– amildegira baino ez zeramalako. Politika egiteko, nahi eta nahi ez, bide politikoen eta demokratikoen alde egin behar izan zuen".

Estatutuaren garapena ere izan zuen hizpide hark. "Noiz ikusi duzue ezker abertzalea estatutuaren defentsan? Borroka armatuak ere bazuen deslegitimazio estrategia hori. Zer axola zaio Matuteri, Otegiri edo EH Bilduri etxebizitzaren inguruan eskuduntza daukagun edo ez? Hainbat urtetan borroka egin dute estatutuaren kontra, eta zer axola zaie eskuduntza? Beste estrategia baten barruan daude, beraiek esan dute beste lehentasun batzuk dituztela eta horiek lortzeko bozkatu beharreko guztia bozkatuko dutela Madrilen: aurrekontuak, Etxebizitza Legea edo dena delakoa. Eta horretan ari dira".

Herritarren desafekzioa egon badagoen arren, jendeak bozkatzen duela oroitarazi zuen Egibarrek, abstentzioa "etsaia" dela aitortuta. "Guk misio bat daukagu, herritar guztiengana iristekoa, gizartea lokartuta baldin badago esnatzekoa eta gure bidea nondik bideratzen dugun adieraztekoa. Horretarako dira hauteskunde kanpainak". Hark politika eta herrigintza aldarrikatu zituen, eta alderdi guztietako hautagai izango direnei eskerrak eman zizkien, bereziki Basazabalen ziren Azpeitiko EAJko zerrendakideei, hautetsi izatea "herrigintzan parte hartzea" delako. "Populismoari aurre egitea da hori, baina garrantzitsua da, era berean, herritarrek botoa ematea ere. Eta eskerrak Azpeitiko hautagaioi, zuen buruaz gain, beste zerbait ere maite duzuela erakutsi duzuelako, zuen herria axola zaizuelako".

Hitzartzearen bukaeran EH Bilduk herri proiekturik ez duela adierazi zuen Egibarrek. "Tokian tokiko udalak badituzte, erreferentziazkoak zaizkien Azpeitia edo Hernani kasu, baina prespektibarekin begiratzen duzue, eta zer ari dira egiten? Non dira plan estrategikoak? Non dira agintaldiz agintaldi Azpeitian jaso dituzten plan estrategikoak? Alkate edo talde batek ez du herri baten bizitza osoa osatzen, baina zutabe batzuk jarri eta norabidea erakusten du. Eta zein da Azpeitiaren norabidea? Errespetu guztiz, baina diru asko dago udal hauetan, gastatzeko diru asko, eta hazteko aukerak daude, baina horiek perspektibarekin begiratuta, ez dira etorkizuneko erabakiak eta proiektuak". Hark, gainera, EH Bilduk sortutako "parke tematikoak" aipatu zituen. "Emakumeena, ingurumenarena, elikagai burujabetzarena... Hernanin txanpona ere asmatu dute, eta herritar berrientzat harrera sistema ere bai. Haize errota batzuk jarri behar direla-eta begira zer iskanbila sortu den, zaborraren kontuarekin ere begira...".