Azpeitiarren doinuak

Miren Gorrotxategiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko api. 12a, 09:30
Miren Gorrotxategi idazlea.

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Aste Santuko oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Hau da Miren Gorrotxategi idazleak osatu duen zerrenda:

  • Ikusi eta ikasi (Delirium Tremens).

"Txikitan ez dakit zenbatetan entzungo nuen, ahizparen binilozko disko txikia etengabe biraka jartzen nuen. Haurtzarora narama beti abesti honek".

  • Mundurat eman ninduzun (Benito Lertxundi).

"Gaztetxotan gurasoekin egindako autoko bidaien soinu banda Imanol Larzabalek, Benito Lertxundik eta Xabier Letek osatzen zuten. Benito izan dut beti hiruretan gogokoen, eta Xalbadorren bertso hauek benetan zoragarriak iruditzen zaizkit".

  • A ala B (Willis Drummond).

"18 urterekin Bartzelonara bizitzera joan eta helduarora iristea erabakiak etengabe hartzea zela ohartu nintzen, horrek dakarren kargarekin. Ondo dio Jurgik abesti honetan: 'Heldutasuna iritsiko da. nun ekintza bakoitza erabaki bat den... ta hor hasiko gira zahartzen...'".

  •  Albiztur (Iñaki Malbadi).

"Trikitixa soinuak entzunda, dantzan hasten zaizkit hankak. Maurizia edota Landakandaren ahotsez lagundutako doinuak oso gogoko ditut, baina Albizturrek badu, batere ahotsik gabe ere, zerbait oso berezia".

  • Maravillas (Berri Txarrak).

"Ez da beste talderik zuzeneko gehiago ikusi dudanik, eta beti hain sentsazio eta energia ona transmititu didanik. Maravillas aukeratu dut baina Berri Txarraken edozein izan zitekeen".