Egoera zaurgarrian diren langabetuentzat soldadura eta mendekotasun arreta ikastaroak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Julene Frantzesena 2023ko mar. 27a, 09:18
Iraurgi Berritzenek antolatuta soldadura ikastaro bateko irudia. (Iraurgi Berritzen)

Elkar-ekin Lanean proiektuaren barruan antolatu ditu bi ikastaroak Urola Erdiko garapen agentziak. Ikastaro biak maiatzetik irailera bitartean eskainiko dituzte, eta dagoeneko zabalik dago horietan izena emateko epea.

Iraurgi Berritzenek eskualdeko langabetuei zuzendutako bi ikastaro antolatu berri ditu. Elkar-ekin Lanean proiektuaren barruan, soldadura eta mendekotasun arreta ikastaroak eskainiko ditu garapen agentziak maiatzetik aurrera.

Maiatzaren 2tik irailera bitartean izango dira Mig-mag soldadura modulua izeneko ikastaroko saioak; maiatzean, ekainean eta irailean 14:30etik 19:30era, eta uztailean, berriz, 08:00etatik 14:00etara. Hamabi lagunek egin ahal izango dute ikastaroa, eta saioak Azkoitian eskainiko dituzte. Mendekotasun arreta ziurtagiria izeneko ikastaroa ere maiatzetik irailera bitartean eskainiko dute, eta saioak 09:00etatik 14:00etara izango dira. Hamabost lagunek gauzatu ahal izango dute ikastaroa, eta saioak Azpeitian egingo dituzte.

Dagoeneko zabalik dago bi ikastaroetan izena emateko epea. Interesa duten herritarrek honako telefono zenbaki hauetakoren batera deitu beharko dute: 688 87 35 89 (Sandra), 688 75 84 94 (Maite) edo 688 75 95 90 (Maialen).

Iraurgi Berritzenen enplegu arloa Urola Erdian langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko ekintza lerroak ari da garatzeko eskualdeko eragileekin lankidetzan. Horien artean da zaurgarritasun egoeran edo arriskuan diren langabetuei zuzendutako Elkar-ekinez Eraginez proiektua. Zailtasunak dituzten langabetuei gizarteratzeko eta lan munduratzeko ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskaintzea da proiektu horren xedea, eta horretarako eskualdeko zerbitzuak integratzen dituzte.