Hasi dira herriko hainbat jolas parke konpontzen

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 20a, 14:43
Done Jakue kaleko parkea. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Udalak herriko 31 parketatik 22tan iragarri zituen hobekuntzak. Dagoeneko hasi dira horietako batzuetan lanean. Balentina Agirreko, Etxe Alaiko eta Iñaki Azpiazuko parkeak erabat berrituko dituzte, eta lan horiei aurrerago ekingo diete. 

Azpeitiko Udala hasi da herriko hainbat parke berritzeko lanekin. Erakundeak urtarrilean jakinari zuen herrian dauden 31 haurrentzako jolas parkeetatik 22tan hobekuntzak egingo zituela. Hain zuzen, hemeretzi parketan hobekuntzak eta konponketa lanak egingo ditu udalak, eta hiru erabat berrituko ditu. Oraingoz, konponketa lanei ekin diete. Hemeretzi parketako konponketa lanek 59.144 euroko aurrekontua izango dute. Erakundeak ez du zehaztu zein diren konponduko dituzten hemeretzi parkeak, baina aurreratu du Done Jakue kalekoan zoru osoa aldatuko dutela -dagoeneko zati bat aldatzen ari dira-, eta parke estalian zein beste zenbaitetan "hobekuntzak" egingo dituela. 

Balentina Agirreko, Etxe Alaiko eta Iñaki Azpiazuko parkeak dira erabat berrituko dituztenak, eta lan horiei aurrerago helduko diote. Udalak azaldu duenez, parkeak berritzerakoan, kontuan izan dira "adin desberdinetako haurren eta gaztetxoen beharrak eta gaur egungo parkeen erabilerak". Era berean, aniztasun funtzionala dute herritarrentzako erabilgarri diren jolasak jarriko dituztela jakinarazi du udalak.