Partida ikusgarria jokatuta eta gertukoen babesean esan dio agur Jagoba Labakak erremonteari

Ihintza Elustondo 2023ko mar. 12a, 09:33

Ia 11 urtez profesionaletan aritu ostean, atzo jokatu zuen ibilbideko azken partida azpeitiarrak. Urriza izan zuen bikotekide azken neurketan, eta 40 eta 38 nagusitu zitzaizkien Aldaberi eta Larrañagari. Pankarta egin zioten gertukoek Labakari, eta erremontistek egindako pasilloa gurutzatzeko ohorea izan zuen.

Jagoba Labaka erremontista azpeitiarrak atzo, larunbata, jokatu zuen  ibilbideko azken partida. Ia 11 urtez profesionala izan da Labaka, eta atzo esan zion agur erremonteari, etxekoen eta gertukoen babesean. Urriza izan zuen bikotekide azken partidan, eta Aldaberen eta Larrañagaren aurka neurtu zituzten indarrak. Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta jokatu zuten neurketa, 16:30ean hasita, eta 40 eta 38 nagusitu ziren Labaka eta Urriza.

Uneak eskatzen zuen moduan, han izan ziren Labakaren familiakoak, lagunak eta gertukoak. Pankarta bat ere egin zioten; Ondorengoei utzi datorrenari eutsi. Eman gaaanta! zioen. Hainbat erremontistak erremonteak gora altxata pasilloa ere egin zioten azpeitiarrari.

Partida gogoangarria

Labaka izan zen partidako onena; partida bete-betea jokatu zuen hark. Ikusgarri aritu zen agurreko partidan, lau tanto sakez eta hamar piloteoan eginez. 38nako berdinketaren ondoren, azken bi tantoak harenak izan ziren. 39-38, pilota paretatik gurutzatu ondoren, eta 40-38, saketik, ia lerroan bote eginez eta pilota errebotean hilez.

Hedabide honi duela egun batzuk jakinarazi zionez, bere zikloa "bukatu" dela sumatzen duelako hartu du erremontea uzteko erabakia azpeitiarrak. Hala azaldu zuen: "Ilusioa galdu dut pixka bat, bai entrenatzeko, bai partidak jokatzeko, eta ilusioa galtzen denean...".

Agurreko partidaren atarian, 11 urteotako ibilbideaz hausnartu zuen Labakak, eta beti "ahalik eta txukunen" jokatzen saiatu izan dela azpimarratu. "Maila txukuna eman dudalakoan nago. Gainera, binakako bi txapel eta Azpeitiko nahiz promozioko bana irabazi ditut. Hori bai, txapelei baino garrantzi handiagoa ematen diot ibilbidea sentipen onez bukatzeari".

Urte guztiotan erremonteak zer eman dion argi du azpeitiarrak: lagun giroa. Eta horrekin geratzen dela adierazi zuen. "Frontoiaren bueltan izan dugun lagun giroa azpimarratuko nuke. Jende pila bat ezagutu dut, era guztietakoa –erremontistak, zaleak...–, eta askotan, partida jokatzeak baino ilusio handiagoa egiten zidan aldageletan genuen giroak".

Hainbat txapel etxean

Hain zuzen ere, 2020an eta 2021ean Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen Labakak, bietan Urriza bikote zuela. Gainera, 20018an Promozioko Txapelketa irabazi zuen, Mikel Etxarrirekin batera, eta urte hartan bertan, Utergak eta Labakak irabazi zuten Azpeitiko Erremonte Txapelketa.

(Argazkiak: Roman Azkue eta Oriamendi)