Jagoba Labakak binakako txapela berretsi du

Julene Frantzesena 2021ko abe. 31a, 09:29
Urriza eta Labaka txapeldunak. (Roman Azkue)

Urriza bikote zuela, atzo jokatu zuen Binakako Erremonte Txapelketako finala Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Ansa eta Martiarena 40 eta 37 hartu zituzten mendean, eta iazko txapeldun titulua berrestea lortu zuten.

Jagoba Labakak eta Javier Urrizak iaz lortutako titulua berretsi dute: Binakako Erremonte Txapelketa irabazi dute, Ansa eta Martirena 40 eta 37 garaituta. Horrenbestez, iaz jasotako txapelari beste bat gehitu dio bikoteak.

Atzo, osteguna, gauean jokatu zuten finala Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta partida estua izan zen bukaerara arte; izan ere, partidaren hondarrean markagailua berdintzea lortu zuten ia-ia Ansak eta Martirenak. Dena den, akats bat tarteko, Urrizak eta Labakak aurre hartzea eta partida bukatzea lortu zuten. Partida gogorra izan zen, eta akats gutxien egin zituen bikotea izan zen garaile.

Binakako Txapelketako txapel gehien dituen erremontista da Urriza; orotara, zazpi lortu ditu. Labakak, berriz, bigarrena du. Azpeitiarrak "oso gustura"  zela jakinarazi zuen partidaren amaieran, nahiz eta lehen atsedenaldira arteko partida zatian "asko kostatu" zitzaiola aitortu zuen: "Gero erosoago aritu naiz, baina Ansaren gihar arazoak tarteko izan den atsedenak hoztu egin nau. Partidatik atera naiz, eta galduta ikusi dut, baina erreakzionatu egin dugu". Labakak aitari eta amari eskaini zien garaipena.