Bukaera borobila eman diote Bertso Egunari

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 29a, 10:00

300dik gora lagunek parte hartu dute eguneko ekitaldirik jendetsuenean, Azoka Plazan egin duten afarian, hain zuzen. Egunak emandakoaren pozik gelditu dira bertsolariak, bertsozaleak zein antolatzaileak.

Euskal Herri guztitik Azpeitira bertaratutako dozenaka bertsozalek bukaera borobila eman zioten atzoko Bertso Egunari. 300dik gora lagun bildu ziren Azoka Plazan, 21:00etan hasita egin zuten afarian, eta egun guztian bezala, giro bikaina nagusitu zen eguneko hitzordurik jendetsuenean ere.

Elikaguneko kideek prestatutako eta zerbitzatutako afariarekin sabela berdindu ostean, nola ez, bertso saioa izan zen han bertan, eta hainbat izan ziren oholtzara kantura igo ziren bertsolariak: Aissa Intxausti, Ander Fuentes, Ane Zuazubizkar, Eñaut Martikorena, Joanes Illarregi, Josune Aramendi, Maddi Aiestaran, Maialen Lujanbio, Peru Abarrategi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi. Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix gai jartzaileen aginduetara jardun zuten, batzuk bertso jarriekin, besteek bat-batean, eta ale politak utzita amaitu zuten bertsoaren jaia.

Egunaren bukaeran, pozik ziren hilabete luzez Bertso Egunaren antolakuntzan jardundako kideak; hala adierazi zuen Eneritz Artetxe Bertsozale elkarteko Gipuzkoako koordinatzaileak. "Bertsolariak zein bertsozaleak, gozatua hartu dute guztiek, eta horrekin gelditzen gara. Hau dena antolatzeak lana eman digu, baina merezi izan du".

Erlazionatuak