Giro bikainean ari dira Bertso Eguna ospatzen

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 28a, 20:30

2023ko Bertso Egunak dozenaka bertsolari eta bertsozale bildu ditu Azpeitian, eta goizean goizetik, askotariko bertso saioak izan dira herriko hamaika txokotan. Egunari bukaera borobila emateko, 21:00etan hasita, afaria egingo dute Azoka Plazan, eta afalostean bertso saioa izango da.

Eguraldi petrala ez da Bertso Eguna zapuzteko gai izan, eta goizean goizetik, bertsoa eta giro ona izan dira herriko protagonistak. 11:30ean plazan jarrita zuten hitzordua, poteoari ekiteko, eta 14:30 bitartean, tabernaz taberna ibili dira bertsolariak, trikiti doinuek lagunduta. Bat-bateko bertso saiorik ez da falta izan poteoa egin duten bitartean.

Gero, bakoitza zegokion soziedadera joan da bazkaltzera. Hain zuzen ere, bost elkartetan egin dituzte bertso bazkariak. Oilo-Soron Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga aritu dira kantari; Ziripoten, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo, eta baita Oier Etxeberriak eta Irantzu Idoate ere, azken horiek bertso jarriekin; Ollagorran Sustrai Colinak eta Jone Uriak libreko saioa egin dute; eta Zulo Zabalen Ane Labakak eta Maialen Akizuk girotu dute bazkalostea. Txalintxo elkartean, berriz, bertso saio musikatua egin dute Ane Ezenarro gai jartzailearen aginduetara. Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus nahiz Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Gari Otamendi zein Ixak Arruti musikariek osatuko dute saioa.

Elkarteetako lanak bukatuta, arratsaldeko poteoari ekin diote bertsozaleek, eta 21:00etan Azoka Plazara joango dira guztiak, afaltzera. Afalostean hasiko dira bertsotan Aissa Intxausti, Ander Fuentes, Ane Labaka, Eñaut Martikorena, Joanes Illarregi, Josune Aramendi, Maddi Aiestaran, Maialen Lujanbio, Peru Abarrategi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi.