Beren lekuaren konkistan

Nerea Uranga (Gipuzkoako Hitza) 2023ko urt. 22a, 09:30
Haur batzuk joan zen igandean egin zuten topalekuaren irekieran.

Herri Hezitzailea filosofiaren barruan sortu zuten Haurren Kontseilua, eta urtebeteko bidea egin du Azpeitian. Haurren lanaren emaitzak agerikoak dira: Neguko Topalekua ireki dute. Nerea Uranga kazetariak honako erreportaje hau egin du Gipuzkoako Hitzarako.

Joan den igandean estreinatu zuten Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurrentzako Neguko Topalekua Azpeitiko Azoka plazan. Haurren Kontseiluak inaugurazio ekitaldia egin zuen, zinta mozketa eta guzti, eta, mokadutxo bat jan ondoren, jolasean, tertulian eta egonean egoteko aukera izan zuten han bildutako ehun haur inguruk. Horretarako baita Azpeitiko Udalak Azoka plazan maiatzera arteko igande arratsaldeetarako egokitu duen gune berria. Haurren Kontseiluak herriko erakundeari azaldutako behar baten erantzuna da Neguko Topalekua.

Herri Hezitzailea filosofiaren barruan abiarazi zuten Haurren Kontseilua, iaz, Leire Goenaga Azpeitiko Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez: "Lehendik ere egin izan dira hainbat ekintza eskolak herriratzeko, eta herrian egiten diren hainbat proiektutan partaide izateko”, esan du Goenagak. "Bestelako behar bat ikusten zen, ordea, eskoletako curriculumetan txertatuta dauzkaten balioak –haurrak parte hartzaileak izatea, aktiboak izatea…– herrian txertatzeko". Horregatik erabaki zuten Haurren Kontseilua osatzea. "Izan ere, balio batzuk ez badira txiki-txikitatik barneratzen eta praktikan jartzen, urrun gelditzen dira gero".

Urtebeteko jarduna

Azpeitiko hiru ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleen ordezkariek osatzen dute Haurren Kontseilua, eta Jauzika elkarteak dinamizatzen du. Urtebeteko bidea egin du, eta hasi da herrigintzan leku propioa egiten eta eraikitzen. Aisialdirako gune berriak lortu dituzte jada; hala nola, Goena parkean zabalik dagoen tirolina eta zuhaitz parkea, edo herriko plazan ireki berri duten Neguko Topalekua.

Haurren Kontseilua hilero biltzen da, eta eskoletan landutako proposamenak eramaten dituzte bileretara. "Ideiak edo proposamenak nahi duten eran azaltzeko aukera ematen zaie kontseiluko kideei, eta hala egiten dute: bideoz, elkarrizketa eran, Power Pointekin…", azaldu du Aloña Larrañaga Azpeitiko Udaleko Gazteria teknikariak. "Haurren Kontseiluko kideak arduratu dira Neguko Topalekuaren irekiera ekitaldiaz eta izaeraz ere; haiek antolatu dute dena". Bukaeran, gune berriak izandako harrerarekin "oso gustura eta esker oneko" agertu zirela argitu du Larrañagak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.