Izena eman daiteke 'Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik' solasaldirako

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 19a, 09:31
Haurtzaroko sexu abusuen gaineko lehen hitzaldia, azaroaren 28an, Basazabalen. (Emakumeen Txokoa)

Urtarrilaren 30ean egingo dute haurtzaroko sexu abusuen inguruko azken saioa, 18:30ean, Basazabalen. Norma Vazquezek eskainiko du solasaldia, eta hara joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute.

Haurtzaroko sexu abusuen inguruko jardunaldiak egiten ari da Azpeitiko Udala, Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen izenburupean, eta urtarrilaren 30ean, astelehenez, izango da jardunaldi horien barruko azken saioa. Hain zuzen ere, Norma Vazquezek eskainiko du solasaldia; Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik izenburupean ariko da hura. Sortzen aholkularitzako psikologoa da Vazquez, eta emakumeen aurkako indarkerian aditua. "Indarkeria matxistaren barruko arazoak lantzen dituzten erakundeei eta eragileei aholkularitza eskaintzen die hark. Ikuspegi feministatik, haurtzaroko sexu abusuak indarkeria matxistaren barruan kokatuko ditu, indarkeria mota horren helburu nagusia gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak mantentzea delako", adierazi du udalak.

Basazabal jauregian izango da hitzaldia, 18:30ean hasita, eta han parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 688 75 10 00 telefonora deitu behar da.