Azaroaren 25a

Ezkutuan dagoena azaleratzera datoz haurtzaroko sexu abusuen inguruko jardunaldiak

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 21a, 15:55
Ione de la Cruz, Leire Goenaga eta Uxana Agirresarobe, jardunaldiak aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak, azaroaren 25aren bueltan. Haurtzaroko sexu abusuen errealitatea "egiturazkoa den indarkeria matxistaren barruan" kokatu behar dela nabarmendu dute, eta gai horren ertzak jorratuko dituzte jardunaldietan. Guztira, hiru hitzaldi izango dira; lehena, azaroaren 28an.

Haurtzaroko sexu abusuen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak, Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen izenburupean. Guztira, gai horren hiru ertz jorratuko dituzte, hiru hitzaldiren bidez; azaroaren 28an, abenduaren 19an eta urtarrilaren 30ean izango dira saioak. Gaur azaldu dituzte jardunaldien gaineko xehetasunak, udaletxean egin duten agerraldian. Han izan dira Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Uxana Agirresarobe Azpeitiko Udalaren Parekidetasun teknikaria eta Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko dinamizatzailea.

Datorren ostirala, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da, eta horren testuinguruan aurkeztu dituzte jardunaldiak. Goenagak agerrialdian nabarmendu duenez, Europan bost pertsonatik batek sexu indarkeria motaren bat jasan du haurtzaroan. Sexu abusuena "gai konplexua" dela nabarmendu du, eta ezezaguna aldi berean, "eskura dagoen informazioa oso urria" delako. Horregatik antolatu dituzte hitzaldiak, gai hori lantzea beharrezkoa dela iritzita. "Alarmismorik sortu gabe, saioak errealitatea plazaratzeko eta horrelako erasoak detektatzeko nahiz saihesteko baliagarri izatea da helburua". Haren arabera, emakumeen eta gizonen ezberdintasun egoerari nahiz berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio jarduerak egitea dagokio udalari, eta horri erantzunez antolatu dituzte jardunaldiak.

Azaroaren 25eko aldarrietan jarri du arreta Agirresarobek: "Egun horretan, gorputzen gaineko botere harremanak eta indarkeriak salatzen dira". Haren esanetan, haurtzaroko sexu abusuen errealitatea "egiturazkoa den indarkeria matxistaren barruan" kokatu behar da ezinbestean, indarkeriaren oinarrian dauden botere harremanak modu integralean ulertzeko. Agirresarobek azpimarratu duenez, funtzio sozial jakin bat du indarkeria horrek: "Emakumeak zein neskatoak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea". Jardunaldiek botere harreman horiek ulertzeko, indarkeria horrek dakartzan konplexutasunak mahai gainean jartzeko eta ezkutuan dagoen indarkeria plazaratzeko aukera emango dute. Hark esan duenez, gainera, biktimak adin txikikoak izateaz gain, horien erasotzaileak gertuko pertsonak izan ohi dira kasu gehienetan, eta horrek "areagotu" egiten du konplexutasuna. "Arazoa bere osotasunean ikuspuntu feminista batetik landu behar da".

Hiru erpin, hiru saio

Gaiaren hiru ertz jorratzeko, hiru saio egingo dituzte. Aurrenekoa datorren astelehenean izango da, azaroaren 28an. Lehen hitzaldia Eraikiz elkarteko Aitziber Bañosek emango du, Haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu abusuak ezagutzea eta ulertzea prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako izenburupean. De la Cruzek nabarmendu duenez, izenburuak dioen bezala, prebentziorako eta detekzio goizitarrerako gakoak emango ditu Bañosek saioan. "Eraikiz elkartea gizarte langileen sarea da, eta horrelako kasuetan esku hartzen eskarmentu handia dute elkarteko kideek. Beren lan esperientziatik abiatuta, askotariko gaiak jorratzen dituzte, jendartean kontzientzia sortzeko eta hausnarketa bideratzeko. Horrez gain, pertsona eta kolektibo zaurgarrienen inklusioa bermatzeko baliabideak eskaini eta jendartean tratu onak eta kontsumo arduratsua txertatzeko lan egiten dute".

Susanna Minguell izango da bigarren hizlaria; Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat izenburupean ariko da hura. Minguellek haurtzaroko sexu abusuen inguruko ikastaroak eman ohi ditu Ahalduntze Eskola feministetan, eta de la Cruzek azaldu duenez, haren helburua da "arazoa politizatzea eta biktimak subjektu aktibo gisa" ulertzen laguntzea. "Hau da, helburua da abusu mota horiek biktima-biktimario logika horretatik haratago aztertzea, abusuen egiturazko izaera azpimarratzea eta gaiaren tratamendua guztiz morala problematizatzea".

Norma Vazquezek eskainiko du azken saioa; Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik izenburupean ariko da hura. Sortzen aholkularitzako psikologoa da Vazquez, eta emakumeen aurkako indarkerian aditua. "Indarkeria matxistaren barruko arazoak lantzen dituzten erakundeei eta eragileei aholkularitza eskaintzen die hark. Ikuspegi feministatik, haurtzaroko sexu abusuak indarkeria matxistaren barruan kokatuko ditu, indarkeria mota horren helburu nagusia gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak mantentzea delako".

Hitzaldi guztiak irekiak izango dira, eta herritarrak horietan parte hartzera animatu dituzte. Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Emakumeen Txokoan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 75 10 00 telefonora deituta. Lehen saiorako izena emateko azken eguna ostirala, azaroak 25, izango da; datozen saioetarako izen emateen berri aurrerago jakinaraziko dute.

Egitaraua

  • Azaroak 28, astelehena. Haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu abusuak ezagutzea eta ulertzea prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako hitzaldia, Eraikiz elkarteko Aitziber Bañuelosen eskutik, 18:30ean, Basazabal jauregian. Gaztelaniaz.
  • Abenduak 19, astelehena. Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat hitzaldia, Susanna Minguellen eskutik, 18:30ean, Basazabal jauregian. Gaztelaniaz.
  • Urtarrilak 30, astelehena. Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik, Sortzen aholkularitzako Norma Vazquezen eskutik, 18:30ean, Basazabal jauregian. Gaztelaniaz.