Martxan da haurren ekimenez eta haurrentzat sortutako Neguko Topalekua

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 15a, 17:36

Gaurtik aurrera, LH3tik LH6ra bitarteko gaztetxoek aisialdirako gune berria izango dute Azpeitian: Azoka Plazan kokatuko den Neguko Topalekua. Haurren Kontseiluaren eskariz egokitu du gunea udalak. Jendetza bertaratu da inaugurazio ekitaldira.

Gaztetxoek aisialdirako gune berria izango dute aurrerantzean Azpeitian. Hain zuzen ere, arratsaldean inauguratu dute Azoka Plazan kokatuko den Neguko Topalekua. Azpeitiko Udalak egokitu du gunea, Haurren Kontseiluaren eskaerei erantzunez, eta aurrerantzean, igandeetan zabalduko dute, LH3tik LH6ra bitarteko gaztetxoei zuzenduta. Lehen egunean, zinta gorria mozteaz eta mokadua dastatzeaz gain, proiektuaren inaugurazio ekitaldia egin dute. Haurren Kontseiluko kideak eta hezitzaileak, udal ordezkariak zein topalekua ezagutu nahi duten haurrak eta gurasoak izan dira bertan; jende ugari bertaratu da.

Aurkezpenean, Nagore Alkorta alkateak hartu du hitza, eta narbarmendu du haurren eskariak fruituak eman dituela. Era berean, guneaz gozatzera animatu ditu gaztetxoak. Haurren Kontseiluko kideek, bestalde, eremuak nola funtzionatuko duen azaldu dute: udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile izango dira haurren bidelagun, topalekua haurren nahi eta beharretara egokituko da eta askotariko ekintzetara bideratutako txokoak izango dira gunean. Behin azalpenak emanda, aisialdiaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren gaztetxoek: ping pongean aritu dira batzuk, mahai jokoetan besteak...

Igandeetan zabalik

Apiriaren 2ra bitartean, igandeetan zabalduko dute gunea; zehazki, honako egun hauetan: bihar, urtarrilaren 29an, otsailaren 5ean, 12an eta 26an, martxoaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta apirilaren 2an, 16:30etik 19:00etara.

Topalekuan egon nahi dutenek Azoka plazara joan besterik ez dute egin beharko; hau da, ez dago aurrez izenik eman beharrik. Martxan jarri ostean, pixkanaka hartuko du izaera eremuak, eta joaten direnen behar eta nahietara egokitzen joatea da helburua. Gaztetxoen Neguko Topalekua proba gisa jarriko dute abian, eta haurrekin lantzen joango dira bertako dinamika.