Bailarako sagardotegiak, txotxa zabaltzeko prest

Urola Kostako sagardotegietan etzi hasiko da aurtengo txotx sasoia. Zailtasunak zailtasun, denboraldi ona espero dute, jendeak, aspaldiko partez, sagardotegien berezko xarmaz gozatu ahal izango duelako. 

Astigarragan (Gipuzkoa) atzo egin zuten txotx denboraldiaren irekiera ekitaldia; Urola Kostako sagardotegi gehienetan, berriz, etzi ekingo diote sasoiari. Bi egunen faltan, prest dute dena: sagardo berriz beteta dituzte kupelak eta primerako generoz beteta hozkailuak; bezeroak bakarrik falta, beraz. "Ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen, baina gu itxaropentsu gaude", esan du Nerea Artola Aiako Satxota sagardotegiko alabak. "Nik uste jendeak badaukala azken bi-hiru urteak atzean uzteko gogoa, nazkatuta dagoela erreprimituta bizitzeaz, eta nahiz eta orain krisi ekonomikoaren kontuarekin beldurra sartu nahian ari zaizkigun, uste dut ondo pasatzeko gogoak gain hartuko diola beste guztiari". Izan ere, hiru urte eta gero, sagardotegien berezko xarmaz gozatzeko modua izango dute aurten sagardozaleek, sagardoa zutik, txotxetik eta upeltegian edatekoa. 

Satxotan ez dute ohiturarik txotx garaia irekitzeko ekitaldirik egiteko, eta aurtengoa ez da salbuespena izango; larunbat eguerditik sagardo berria dastatzeko aukera eskainiko dute, eta kito. Azpeitiko Añota sagardotegian, aldiz, bai. Urtero egiten dute irekiera ekitaldia, eta aurten ere egingo dute; larunbat eguerdian, hain zuzen. Ados elkarteko Oihana Orbegozo, Eneritz Arrieta eta Naroa Agirre pilotariak izango dira ekitaldiko gonbidatuak eta protagonistak, alegia, txotxa irekiko dutenak, eta han izango dira Laja eta Lutxurdixo trikitilariak, eta Loidisaletxe II.a zein Xebastian Lizaso bertsolariak ere.

"Normalean, irekiera ekitaldia ostiral arratsaldez egin ohi dugu, baina aurten larunbat eguerdian egitea erabaki dugu, jendeak hobeto erantzungo duelakoan, Gabonak ere oraintxe pasatu dira eta...", adierazi du Luis Beloki arduradunak.

Sagardo berriaren kalitateaz galdetuta, bat etorri dira Artola eta Beloki, eta baita Zestoako Irure Txiki sagardotegiko Aitor Eizmendi ere; iazko sagar uzta urria izan zela diote, baina, hala ere, kalitate oneko sagardoa egin dutela. "Orain bi urte, uzta oso oparoa izan zen; ikaragarrizko sagar pila, eta sano-sanoa. Iaz, ordea, sagar gutxi izan zen, eta harrak bere lana egin zuen, aleak sikatuz. Horrenbestez, sagarra kanpotik ekarri behar izan dugu", azaldu du Belokik. Hain zuzen ere, Añotan ekoitzi duten sagardoaren %65 inguru kanpoko sagarrarekin egin dute. Kalitatez, baina, "sagardo ona" irten dela iritzi dio Belokik: "Sagarra sanoagoa denean, sagardoa ere hala izan ohi da, eta gaixoketa horiek egiten dutena izaten da sagardoa bizitu. Beraz, beste urte batzuetan baino sagardo bizixeagoa izango da, baina ona".

Antzera mintzatu da Artola ere. "Iazkoa ez zen izan sagar urtea; sagar gutxi izan zen, ale txikia eta zuku gutxikoa. Alerik handienek ondo-ondo zanpatuta ere apenas ematen zuten zukurik. Hori dela eta, guk ere kanpotik ekarri behar izan dugu sagarra. Beste urteetan bi sagardo mota egin izan ditugu, jatorri izenduna bata, bertako sagarrarekin bakarrik egindakoa; eta kanpotik ekarritako sagarrarekin nahastuta egindakoa, bestea. Aurten, ordea, eskasia dela eta, ez dugu jatorri izendunik egin".

Botila, %25 garestiago

Dena dela, kalitateari dagokionez kexarik ez dutela ziurtatu du Artolak. "Aita da horretan aditua, eta haren arabera, itxura oso ona du sagardoak. Orain arte egindako analitika eta proba guztiek emaitza oso onak eman dituzte, eta alde horretatik, pozik gaude. Gorpuzdun sagardoa da, beharrezko mikatz puntua ere badu, eta bilakaera ona izateko itxura. Pena izan da bertako sagar gehiago erabili ezin izana, baina produktuak ez du aitzakiarik". Ekoitzitako litro kopuruari dagokionez, berriz, "litro batzuk gorabehera, urteroko kantitate bertsua" ekoitzi dutela adierazi du Satxotako alabak. "Gurea sagardotegi txikia da, urtean 90.000 litro inguru ekoizten ditugu, eta aurten ere buelta horretan ibiliko gara".

Zestoako Irure Txiki sagardotegian, aldiz, etxeko sagarrarekin bakarrik egindako Ekain sagardo ekologikoa ekoizten dute, eta "lehorteagatik eta", iaz baino askoz sagardo gutxiago ekoitzi dute. Iaz 45.000 litro egin zituztela eta aurten 11.000 litroren bueltan ibiliko direla esan du Eizmendik. "Hala ere, gutxi izaten denean ona izaten dela esaten da, eta horren esperantza daukagu. Oraindik bukatu gabe ditugu fermentazio guztiak eta, baina itxura oso ona duela esango nuke".    

Ekain sagardo berria, momentuz, botilan bakarrik erosi ahal izango dute herritarrek; Satxotakoa eta Añotakoa, berriz, txotxetik zein botilatik edan ahalko dute. Hori bai, botilak %25 gehiago balioko du aurrerantzean, kostuen igoera dela eta.