Azpeitiarren doinuak

Ane Arenasen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 09:00
Ane Arenas hezitzailea.

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Gabonetako oporraldiaren bueltan, herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Honako hau da Ane Arenas Azpeitiko Gaztelekuko hezitzaileak osatu duen zerrenda.

  • Ene begiek (Ruper Ordorika)

"Orokorrean, Ruper asko entzun izan dugu etxean. Musikariak umetako oroitzapenak ekarri ohi dizkit eta goxotasun handia transmititzen dit. Kantu hau bereziki gustatzen zait, eta 'tekla' ere askotan ukitu izan dit".

  • Zuk ez duzu nahi (Itoiz)

"Itoiz ere umetatik entzun izan badut ere, nerabezaroaren hasierekin lotzen dut. 1988ko azken kontzertuan grabatutako albuma (Eremuko dunen atzetik dabil) genuen etxean, eta gauetan discmanean sartu eta ohean nengoela hasieratik amaierara arte entzutea ikaragarri gustatzen zitzaidan".

  • Argi ilunak (Mice)

"Mice ikaragarri gustatzen zait. Miren Narbaizaren ahotsa, estiloa, sortzen dituzten doinu eta atmosferak... oso gustuko ditut. Beren albumak nazkatu gabe entzuten ditut, eta autoan abesten joateko talde gustukoena dut".

  • Western Smile (Willis Drummond)

"Azken albumeko abesti hau aukeratu dut, nahiz eta talde honen abesti asko ditudan gustuko. Bereziki atsegin ditut talde honen erritmoak, mezua, estiloa...".

  • Gu (Anari)

"Kantu hau oso gustura entzuten dut bakarka nagoen momentuetan. Intimoa egiten zait, barruak askatzeko apartekoa. Indar handia transmititzen dit".