Azpeitiarren doinuak

Oier Ibargurenen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 10:16
Oier Ibarguren. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Gabonetako oporraldiaren bueltan, herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Honako hau da Oier Ibarguren txirrindulari eta zerbitzariak osatu duen zerrenda.

  • Maravillas (Berri Txarrak)

"Lehengo urteko udan neska batekin Txindokira egun-pasa joateko plana egin nuen. Bueltan gentozela, autoan bakallaue jarrita neukan eta sakelakoa kendu zidan, musika aldatzeko. Maravillas izan zen jarri zuen lehen kanta, eta kantatzen hasi zen, gainera. Momentuan maitemindu nintzen, ez dakit kantuarekin edo neskarekin izan zen, kar, kar, kar".

  • Aitormena (Hertzainak)

"Beti gustatu izan zaidan taldea da Hertzainak. Hil ezazu aita, Kontrola, 564... bizikletan aurikularretatik askotan aditu izan ditut, baina Aitormena da gehien entzun izan dudana. Gari abeslariak elkarrizketa batean kantaren historia azaldu zuenean, nire top 5ean sartu zen".

  • Hik lan eta nik jai (Tapia eta Leturia)

"Esan beharra daukat lagun parrandazaleak dauzkadala, eta parrandan dabiltzanean adarra jotzeko gogoa izaten dutela. Gaur egungo regetoi txoro horrekin aspertuta daudela esaten dute, eta Etxe-Zurira etortzen direnean niri adarra jotzeko gogoa izaten dutenez, kanta hau eskatu eta niri kantatzen hasten zaizkit. Momentuan grazia handirik ez dit egiten, baina kantu hau entzuten dudan bakoitzean barre txikia ateratzen zaidala esan dezaket".

  • Beste zerbait (Malakias / J Martina)

"Gaur egun parrandan entzun daitezkeen euskal kantu gutxietako bat da hau. Letra itsaskorra dauka eta mundu guztiak buruz dakiela esango nuke. Tabernan kanta hau bolumen altuan eta mundu osoa dena emanda kantatzen aditzeak kristoren motibazioa ematen du".

  • Kalabazak (Huntza)

"Autoko gidabaimena atera nuenean neukan disko bakarra Huntza taldearena zen. Behin eta berriz aditu nuen, eta kanta hau zen gehien gustatzen zitzaidana. Oroitzapen haiek burura etortzen zaizkit kantu hau entzutean, eta horrek egiten du berezi".