Ehunka lagun atera da kalera Gotzon Aranburu presoa etxean nahi dutela aldarrikatzera

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 17a, 20:31

Salbuespen egoerari stop, Gotzon gurekin lelopean manifestazio jendetsua egin dute Azpeitiko Sarek deituta. Aurten 20 urte bete dira Gotzon Aranburu presoa espetxeratu zutenetik, eta hari aplikatutako salbuespen egoerarekin amaitzeko galdegin dute mobilizazioan. Aranbururen senideek zein Sareko kideek hartu dute hitza ekitaldian, eta presoak etxeratu arte lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute. 

Ehunka lagun mobilizatu da Azpeitian Gotzon Aranburu presoa etxean nahi dutela aldarrikatzeko. Aurten 20 urte bete dira Aranburu atxilo hartu eta preso sartu zutenetik, eta haren egoera herriratzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian Gotzon gurekin lelopean. Manifestazio jendetsuarekin borobildu dituzte antolatutako ekintzak, eta jende ugarik egin du bat  Sareren deialdiarekin.

Azpeitiko plazatik atera da manifestazioa, eta ohiko ibilbidea eginez eta alde zaharreko kaleak igarota, plazan amaitu da. Han egin dute ekitaldia. Bertsoak eskaini dituzte aurrena, eta Aranbururen senideek hartu dute hitza ondoren. Amaitzeko, Sareko kideek egin dute hitzartzea, eta bertan presoak etxean izan arte lanean jarraitzearen ezinbestekotasuna aldarrikatu dute.

Argazki bilduma eta kronika osatua, hemen