Gotzon Aranbururen etxeratzea eskatzeko manifestazioa egin dute

Nerea Uranga 2022ko abe. 17a, 19:54

Preso azpeitiarraren etxeratzea eskatu dute ehunka lagunek gaur arratsaldean Azpeitiko Sarek deituta egin den mobilizazioan. Aranburuk 20 urte daramatza kartzelan, eta lege arrunta aplikatuz gero, espetxetik irteteko aukera izan beharko luke, Sareren arabera.

400 herritar inguruk parte hartu dute Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren askatasuna eskatzeko Azpeitiko Sarek deituta gaur arratsaldean egindako manifestazioan. 18:00etan herriko plazatik abiatu da mobilizazioa, Salbuespen egoerari stop! Gotzon gurekin! lelo hartuta. Plazatik Sanjuandegiko biribilgunera joan dira manifestazioan, eta handik plazara bueltan, trikitilariek lagunduta egin dute Alde Zaharreko ibilbidea. Mobilizazioa bukatzeko plazan egindako ekitaldian, txalapartariek, Haritz Etxeberria Ministro bertsolariak, Gotzon Aranbururen ilobetako bik eta Azpeitiko Sareko kide batek parte hartu dute.

Aranbururen etxeratzea eskatzearekin batera, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deia ere egin du Azpeitiko Sarek: "Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxera itzultzeko prozesua egin ahal izateko lanean jarraitu behar dugu. Guztion erantzukizuna da, eta hori gabe ezinezkoa izango da herri honek egiteke duen etorkizunerantzko bizikidetzan aurrera egitea".

Urtarrilaren 7ko manifestazio nazionalaren aurretik, Azpeitiko Sarek presoen eskubideak beteeta etxeratzearen aldeko bi deialdi egin ditu: abenduaren 24an elkarretaratzera deitu du, 19:00etan, plazan. Urte Zahar egunean, berriz, presoen aldeko kantaldia egingo dute, 18:30ean hasita, plazan.

20 urtez preso

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 35 urte eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta. Urte hasieran Zaballara lekualdatu aurretik, Dueñasko (Palentzia, Espainia) eta Villenako (Alacant) kartzeletan egona da.

Azpeitiarrak 2034an beteko du ezarri zioten espetxe zigorra, baina Sarek azaldu duenez, 2007an bete zuen zigorraren laurdena, eta hiru urte barru, 2025ean, beteko lituzke haren hiru laurdenak. Urtearen hasieratik, Zaballako (Araba) kartzelan dago Aranburu preso, bigarren graduan –izatez, baina, hirugarren graduan egon behar zukeen–. Bigarren graduan dago, ordea, eta lege arrunta aplikatuz gero, irteera programatuetan parte hartzeko aukera izan behar lukeela azaldu du Sarek. "Egun baterako irteteko aukera izan beharko luke espetxeko funtzionarioekin batera, eta pixkanaka, irteera baimen arruntak eskuratzen joan. Urtean, gehienez, 36 irteera baimen izan behar lituzke; sei hilabeteko bakoitzean, gehienez, hemezortzi eguneko baimena. Gainera, egun horiek multzo txikietan banatzen dira; kalean, gehienez, sei egunez jarraian egoteko aukera izaten dute".

Datu horiek "argi" uzten dute, Sareren arabera, azken urtebetean "aldaketak" izan direla, eta horrekin "pozik" agertu da, urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioek eta herritarren bultzadak "bere fruituak" eman dituelako. Dena den, Sarek "haserrea" adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Espainiako Fiskaltzaren bultzadarekin, tratamendu batzordeek euskal presoen kasuetan onartzen dituzten gradu aurrerapenak edo espetxe baimenak errekurritu eta bertan behera utzi dituelako. Hori dela eta, Mikel San Argimirok, Xabier Atristainek eta Aitor Esnaolak kartzelara itzuli behar izan dutela salatu du Sarek. Halaber, euskal presoek ibilbide juridiko penitentziarioaren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela azaldu du: "Hori da errealitatea. Horren aurrean, Auzitegi Nazionalak tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak geldiarazten ditu, eta salbuespenezko legedia mantentzearekin batera, etxera itzultzeko bideari eustea eragozten dute Europan ezagutzen ez diren espetxe zigor ikaragarriak betetzea helburu duten 7/2003 era 7/2004 lege organikoek".