Iraitz Olaizola: "Lanbidea bera da, baina era berean, beti da desberdina"

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 29a, 09:07
Iraitz Olaizola foku artean, Soreasu antzokian. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Antzerki Topaketetan murgilduta zebilela erantzun zituen Iraitz Olaizolak (Azpeitia, 1985) Uztarriaren galderak, 2022ko abenduko aldizkariaren Zu zeu atalerako. Kulturaz kooperatiban egiten du lan argi teknikariak, eta horrez gain, Brigade Loco, Rotten XIII eta Oxabi taldeen teknikaria ere bada.

Noiztik zabiltza argi teknikari lanetan?

Luhartz erromeria taldearekin hasi nintzen, duela zazpi bat urte, eta lau urte daramatzat Kulturaz kooperatiban lanean. Betidanik gustatu izan zaidan mundua da. 2007an, DJ lanetan hasi nintzenean, jabetu nintzen ez zela soinuari bakarrik lotutako jarduna: fokuren bat erosten duzu, haren atzetik beste pare bat... Pixkanaka, harra indartzen joan zen. Aukera izan nuen mundu horretan sartzeko, aprobetxatu egin nuen, eta gustura nago.

Ikasketarik edo prestakuntza egin al duzu lanbide horretan aritzeko?

Ez, dena neure kabuz ikasten joan naiz. Youtubeko bideoak ikusi, foroetan sartu... horrela hasi nintzen. Denborarekin eta praktikarekin, gauza gehiago ikasten joaten zara.

Zein da argi teknikari baten egitekoa?

Ekitaldi batetik bestera aldatu egiten dira egitekoak. Antzerki Topaketetan, adibidez, hasi aurretik material guztia gainbegiratu eta doitu behar izaten da, fokuak zein kableak, denak ondo funtzionatzen duela ikusteko eta dena prest edukitzeko. Antzezlan bakoitzaren egunean, berriz, 08:00etan edo 09:00etan has daiteke lana, konpainiak eskatutako muntaia prestatzeko. Sanagustingo kontzertu batean, aldiz, taldeak ez badu teknikaririk ekartzen, mahaia piztu eta askoz gehiago ez da behar izaten, programatuta egoten delako; taldeak bere teknikaria eta bere mahaia ekartzen baditu, fokuen eta horien zenbakien berri ematea nahikoa izan daiteke, edo bestela, argiztapena programatzen lagundu behar zaie.

Zuretzat, zer ekitaldi edo ikuskizun mota da zailena edo ardura gehien eskatzen dizuna? Eta erosoena?

Zailena ez dakit, baina gogorrena, Euskal Antzerki Topaketak. Ordu asko izaten dira, egun asko segidan, eta lan pilaketa antzeman egiten da. Aldiz, Brigade Locorekin edo Rotten XIII-rekin aritzen naizenean, dena muntatuta edukitzen dut; mahaia jarri eta programazioa jarraitzea izaten da nire lana; errazena hori, esango nuke. Egundoko aldea dago, lan kargari dagokionez, ekitaldi batetik bestera.

Tokiek, espazioek, zenbateraino eragiten dute zure lanean?

Eragiten dute, bai. Adibidez, ekitaldia Sanagustinen izan ala Soreasun izan, batzuetan materialarekin atzera eta aurrera ibili behar izaten dugu. Ekitaldia aire zabalean bada, berriz, aurrez badakizu material guztia mugitu beharko duzula; beharko dituzun gauzak kontuan eduki behar dituzu, eta badaezpadakoak ere aurreikustea komeni da.

Argi teknikari baten lanerako zein da egokiagoa, Sanagustin ala Soreasu?

Ezaugarri desberdinak dituzten bi areto dira. Sanagustinen, argi gehienak muntatuta daude, lurrekoak bakarrik muntatu behar izaten dira; alde horretatik, lana errazagoa da. Soreasun, aldiz, ikuskizun bakoitzean hutsetik edo ia hutsetik hasi behar izaten dugu, eta ez da gauza bera antzerki bat argiztatzea edo kontzertu bat argiztatzea. Lan bera da, baina era berean, beti da desberdina.

Ikasten jarraitzeko aukera emango dizu horrek, ezta?

Hori bai. Horixe da Topaketen abantaila, asko ikasten dela.

Ba al dago ekitaldiren bat, tokiren bat, lan egitea gustatuko litzaizukeena?

Bilboko Santanan edo Kafe Antzokian lan egitea gustatuko litzaidake, adibidez.

Disko jartzaile ibilia zara urte luzez. Jarraitzen al duzu DJ Referee izaten?

Jarraitzen dut, tarteka, baina gogo gutxiagorekin. Gaur egungo musika, niretzat, ez da musika; letra horiek, eta denbora guztian erritmo bera... Baina, zer egingo diogu, hori dago boladan.