Agortu egin dira Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuetarako sarrerak

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 6a, 10:50
Unidad Alavesa musika taldea. (Unidad Alavesa)

Emanaldi bana eskainiko dute Delirium Tremensek eta Unidad Alavesak larunbatean. Horien ostean DJ Elepuntok girotuko du kulturgunea. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira.

Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeek eta DJ Elepuntok kontzertuak eskainiko dituzte larunbatean, hilak 10ean,  Sanagustin kulturgunean, eta dagoeneko agortu dira hitzordurako sarrerak. Emanaldiak 22:00etan hasiko dira, baina 21:30ean irekiko dituzte kulturguneko ateak. Sarrerak agortu diren arren, Kultur Bonoa duten herritarrek emanaldietara joateko aukera izango dute bonoa erabilita. 

Delirium Temensek 1989.urtean kaleratu zuen lehen diskoa, Ikusi eta Ikasi izenekoa. Euskal Herriko, Italiako nahiz Galeseko zenbait txokotan eskaini zituen kontzertuak. Orduz geroztik beste zenbait lan egin eta ezagutarazi zituzten, baina 1991 urtean beraien azken diskoa kaleratu eta taldeari agur esatea erabaki zuten. Hiru hamarkada geroago, disko berria sortu eta hori aurkezteko zuzenekoak eskaintzen hasi ziren. Abenduaren 10ean egingo dute geldialdia Azpeitian. 

Unidad Alavesa taldea Ataun (Gipukzoa) herrian sortu zen 2016. urtean eta musikalki folk-rock musika eremuan kokatzen da. Taldea osatzen duten kideen artean musikari arituak topa daitezke, tartean, Brigada Criminal, Bizardunak, Fiachras, Benito Lertxundi, Ancha es Castilla, edota Los Zopilotes Txirriaos bezalako taldeen arituak. Taldearen hastapenetatik musikari berdinek osatzen dute banda: Cantaro Garrafa (Gitarrak eta ahotsa), Bartolo Pichi (Gitarrak), Papas Aja (Baxua), Abosin Origen (Bateria) eta San Pete (Trikia eta banjoa). ‘Made in Germany’ izena darama taldearen estudioko azken diskoak.