'Zure platerean hasten da mundua' dokumentalarekin hasiko da etzi Zinuema Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 25a, 17:03
Nagore Alkorta, Iraitz Lazkano, Eneritz Albizu, IƱigo Arandia eta Eusebio Beloki Zinuemaren kartelarekin, atzo Soreasun. (Mailo Oiarzabal)

Bederatzi hitzordu izango dira Soreasun otsailaren 12a bitartean, zinema aretoetan euskarazko eskaintza indartzeko asmoz Uemak Tinkorekin elkarlanean antolatu duen egitasmoaren barruan.

Zinuema egitasmoa igande honetan hasiko da Azpeitian. Landarlan ingurumen elkartearen Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da Zinuemaren egitaraua Soreasu antzokian, igandean, 19:30ean.

Azpeitian ez ezik, Igorren (Bizkaia), Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta Ataunen (Gipuzkoa) ere emango dituzte proba pilotu gisa jaio den egitasmoko ikus-entzunezkoak. Hamabi dira guztira, baina Soreasun horietako bederatzi ikusi ahal izango dira, otsailaren 12a arte. Hau da Zinuemak Azpeitian eskainiko dituen ikus-entzunezkoen zerrenda eta egutegia:

  • Etzi, igandea, azaroaren 27a: Zure platerean hasten da mundua dokumentala (19:30).
  • Abenduaren 10a. Lupin III filma (16:30).
  • Abenduaren 28a. Izotzetako erregina (The Sow Queen) filma (16:30).
  • Urtarrilaren 8a. Nire zirkua filma (16:30).
  • Urtarrilaren 13a. Black is Beltza II, Ainhoa filma (22:00).
  • Urtarrilaren 22a. Go!azen 9.0, azken kapitulua (16:30).
  • Urtarrilaren 28a. Irabazi arte!, lehen kapitulua (16:30).
  • Otsailaren 5a. Gabi filma (16:30).
  • Otsailaren 12a. Emakumea film laburren bilduma (19:30).

"Larrialdi deia" erakundeei

Urrian aurkeztu zuten Zinuema Donostian, baina egitasmoa martxan jartzear dela, Azpeitian, Soreasun, elkartu ziren berriro atzo sustatzaileak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Eneritz Albizu Euskara eta Kultura zinegotziak, Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak, Tinko elkarteko Iñigo Arandiak eta Eusebio Beloki Kulturazeko programatzaileak hartu zuten parte agerraldian.

Euskarak zinema aretoetan eta ikus-entzunezkoetan oro har duen presentzia urria eta horrek hizkuntzari egiten dion kaltea nabarmendu zituzten atzokoan ere Zinuemaren atzean dauden eragileetako ordezkariek, eta neurriak eskatu zituzten, bereziki Euskao Jaurlaritzari zuzenduta. "Guk saiakera bat egin dugu, programa hau herritarren esku jarrita. Dena den, aukera hau aprobetxatu nahi dugu euskarazko ikus-entzunezkoen beharrezkotasunaren mezua harago zabaltzeko. Gaztelania da lehen hautua telebistan, zineman, plataformetan eta aplikazioetan. Horren atzean bada euskarazko eskaintza sendo baten beharra. Gai honi herri bezala, Euskal Herri bezala, erantzun behar zaio. Eta hitzordu hau, egitasmo hau, aprobetxatu nahiko nuke Eusko Jaurlaritzari eta dagokien beste erakundeei esparru honetan inbertitzeko larrialdi dei bat egiteko. Euskarak behar du eskaintza duina eta jarraikorra, gure gaztetxoentzat zein helduentzat erakargarria izango dena, eta eremu honetan ere gure hizkuntza lehen lerroan jarriko duena. Euskaraz bizitzeko, beharrezkoa da gure iruditegia euskaraz elikatzea. Ikusten eta sentitzen dugun horrek gure izaera eraikitzen du; eta, jakina, hizkuntzak ere bai. Beti esaten dugun bezala, gu euskaraz gara, eta euskaraz nahi dugu egin gure aisialdia, euskaraz jaso nahi dugu kultura, eta horretarako baldintza duinak eskatzen ditugu", adierazi zuen Albizuk.

Sarrerak eta bonua

Zinuemaren emanaldi guztietarako balioko duen 10 euroko bonuak eskuragarri jarri dituzte Sanagustin kulturgunean, baina emanaldi bakoitzerako sarrerak erosteko aukera izango da egunean bertan, Soreasuko leihatilan.