Euskarazko hamabi ikus-entzunezko emango dituzte Azpeitian, Zinuema egitasmoaren barruan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 21a, 10:59
Tinko Filmeakeko Iñigo Arandia, Etxarri-Aranatzeko alkate Silvia Marañon, Eneritz Albizu Azpeitiko zinegotzia, Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria, Irati Arratibel Ataungo zinegotzia eta Eusebio Beloki Kulturazeko kidea. (Uema)

Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz, Zinuema egitasmoa sortu du Uemak, Tinko Filmeakekin elkarlanean. Euskarazko hamabi ikus-entzunezko emango dituzte Uemako lau udalerritan; tartean, Azpeitian. Proba pilotua izango da, eta ondo joaten bada, eskaintza zabaltzea da sustatzaileen asmoa.

Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz, Zinuema egitasmoa sortu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Tinko Filmeakekin elkarlanean. Euskarazko hamabi ikus-entzunezkoren egitaraua da proiektuaren oinarria, eta eskaintza egonkor baterako esperientzia pilotua izango da. Lehendabizi, Uemako lau udalerritan eskainiko dute programazio hori: Igorren (Bizkaia), Etxarri-Aranatzen (Nafarroa), Ataunen (Gipuzkoa) eta Azpeitian. Askotariko filmak eta dokumentalak proiektatuko dituzte lau herri horietan, eta, proba pilotua ondo joaten bada, eskaintza zabaltzea da sustatzaileen asmoa.

Hauek dira progamazioaren barruan ikusi ahal izango diren ikus-entzunezkoak: Zure platerean hasten da mundua, Izurde mitikoa, Lupin III, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, The Snow Queen, Nire zirkua, Black is beltza II: Ainhoa, Gabi, Emakumeak film laburrean, Elkano, lehen mundu bira, Go!azen eta Irabazi arte. Azpeitian, Soreasu antzokian emango dituzte lan horiek, baina Kulturaz kooperatibak aurrerago jakinaraziko du egitarau zehatza.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Donostian, eta aurkezpen ekitaldian izan ziren Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria, Tinko Filmeakeko Iñigo Arandia, Kulturaz kooperatibako Eusebio Beloki eta egitasmoan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak; tartean, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua. Lazkanok azaldu zuen euskarazko kultur eskaintza indartzeko nahia dagoela egitasmoaren atzean: "Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu egitasmo hau; guri toki administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere".

Uemako lehendakariak mintzagai izan zituen Euskal Herrian kultur kontsumoari buruz egin diren azterlanak: "Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz Uemak argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela nerabeek batez ere, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza ohituretan". Kontsumoan eragiteari begira, Lazkanok ezinbestekotzat jo du eskaintza egotea, eta horren harira, aisialdia euskaraz bizitzeko aukerak sustatzeko beharraz hitz egin du: "Uemaren helburu nagusietako bat da udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea, eta Zinuema helburu horretarantz beste urrats bat egiteko sortu da".

Euskarazko eskaintzaren panorama

Tinko Filmeaken helburu nagusia, hain zuzen, euskarazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erantzutea da. Arandiak azaldu zuen duela ia 30 urte hasi zirela lanketa hori egiten, eta egungo egoera ez dela askoz hobea. Arandiak Pantailak Euskaraz herri mugimenduak emandako datuak ekarri zituen gogora: "Gaur egun, bertako ekoizleek sortzen dituzten euskarazko filmak bi edo hiru izan daitezke urterik onenean, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu urtean, haurrei zuzendutakoak denak edo ia denak".

Zinemako kontsumo ohiturak erabat irauli dituzten streaming plataformei buruzko datuak ere eman zituen Tinko elkarteko kideak: "Filminen, esaterako, euskaraz 65 eduki zeuden 2021eko irailean, eta urtebete geroago, 83 daude; Netflixen hiru zeuden iaz, eta 44 daude aurten; Disney+ katean ez dago eduki bat bera ere euskaraz". Arandiaren hitzetan, azken urtean "euskarazko eskaintza igo egin da ikus-entzunezko lege berriaren eta Pantailak Euskaraz bezalako mugimenduen presioari esker", baina plataforma horietan eskainitakoa "ez da euskarazko aisialdi normalizatu batek behar lukeen adinakoa".

Arandiak nabarmendu zuen Zinuema programa pilotua lagungarri izango dela bihar-etzi eskaintza egonkorrago bat diseinatu ahal izateko: "Ikusi nahi dugu posible ote litzatekeen etorkizunean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri, eta batez ere, aste gehiagoko eskaintza batera". Hark azaldu zuen hainbat formatutako lanak probatu nahi izan dituztela Zinuemaren egitaraua prestatzeko: "Izan ere, gaur-gaurkoz ez da posible urte osoko programazio bat euskarazko filmekin soilik egitea; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin".

Inkestak eta zozketa

Antolatzaileek azaldu zutenez, emanaldien ostean ikusleen iritzia jasotzeko balorazio inkestak egingo dituzte: "Proba pilotua behar bezala neurtzeko, oso beharrezkoa izango da ikusleen balorazioa; zein formatu gustatu zaien, sarrera merkea ala garestia iruditu zaien, berriro errepikatuko luketen… Jakin nahi dugu ikusle bakoitzak zer ikusi nahi duen, zer iritzi duen, aretoak bete diren…". Hori guztia ebaluatzeko, inkesta bat bete ahal izango da emanaldi bakoitzaren ostean, eta erantzuten duten guztien artean 55 hazbeteko wifi telebista bat zozkatuko dute.