Azpeitian egingo dute 2023ko Bertso Eguna

Julene Frantzesena 2022ko aza. 23a, 11:00
Eneko Lazkoz bertsolaria iazko Bertso Egunean, Iruñean. (Bertsozale Elkartea)

Urtarrilaren 28an, zapatua, izango da hitzordua. Egun osoan zehar, bertsoari lotutako hainbat ekitaldi izango dira, hala nola bertso poteoa, bazkariak, askotariko saioak, afaria eta bertso ekitaldi nagusia. Urtea bukatzerako jarriko dituzte salgai ekitaldi horietarako sarrerak, eta Bertsozale Elkarteak aurrerago emango ditu ekitaldien gaineko xehetasunak.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi du non egingo duen 2023ko Bertso Eguna: Azpeitian. Urtarrilaren 28an, zapatua, izango da bertsoaren bueltako eguna, eta askotariko ekintzak izango dira egun osoan zehar. Besteak beste, poteoa, bertso bazkariak, askotariko bertso saioak, afaria eta bertso ekitaldia egingo dituzte. Dena den, oraindik zehazteke daude hainbat ekitaldiren gaineko xehetasunak, batez ere, hitzordu bakoitzeko bertsolariei eta jatorduei lotutakoak. Baina elkarteak adierazi duenez, urtea bukatzerako jarriko dituzte saio guztietarako sarrerak salgai.

Hala eta guztiz, dagoeneko aurreratu dute antolatzaileek egun horretako ekitaldien zerrenda. 11:30ean elkartuko dira bertsozaleak herrian, eta kalez kale poteoa egingo dute, bertso saio libreek lagunduta. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dituzte herriko hainbat elkartetan, hala nola Oilo Soron, Zulo Zabalen, Ziripoten, Oilagorran eta Txalintxon. Antolatzaileen arabera, "mota desberdinetako" bertso saioak egingo dituzte horietan: saio libreak, bertso saio musikatuak edota bertso jarriekin osatutakoak. Arratsaldean ere poteoa egingo dute, eta ondoren, 21:00etan, afaria izango da Azoka Plazan. Afalostean, berriz, bertso ekitaldia egingo dute Azoka Plazan bertan.

1968an hasi ziren Bertso Eguna antolatzen, Bertsolari Eguna izenpean, eta hainbat bertsolari omentzeko baliatzen zuten eguna. 1987an hartu zuen Bertsozale Elkarteak egun hori antolatzeko ardura, Donostiako Udalarekin elkarlanean, eta 1995ean omenaldi kutsua alde batera uztea erabaki zuten; orduan hartu zuen egunak Bertso Egun izena. Ekitaldiak Donostian egin zituzten 2017ra arte, eta 2018az geroztik, ibiltari izaera hartua du egitasmoak, Euskal Herri osoan eragiteko xedez. Ondorioz, herriz herri egiten dute egun hori, eta aurten lehen aldiz, Azpeitian egingo dute, udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzarekin.