Lau musikari gaztek parte hartuko dute Arkupehotsak berrituaren lehen esperientzian

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 16a, 19:26
Arkpehotsak egitasmoaren kartel bat, Dinamoko soinuaren eremuan. (Kulturaz)

Maialen Aristegi, Biken Larrañaga, Eneritz Beraetxe eta Lorea Zulaika dira hautatuak. Eñaut Gaztañagaren formakuntza teknikoa eta Gartxot Unsain, Tomas Lizarazu eta Olatz Salvadorren gidaritza artistikoa jasoko dituzte horiek Dinamoan egingo duten sormen egonaldian. Gainera, kontzertu bana emango dute Sanagustinen, bidelagun izango dituzten artistekin batera.

Kulturaz kooperatibak gaur jakinarazi ditu Arkupehotsak egitasmoaren bosgarren edizioan parte hartuko duten lau artista gazteen izenak: Maialen Aristegi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Biken Larrañaga (Bergara, Gipuzkoa), Eneritz Beraetxe (Iruñea) eta Lorea Zulaika (Ziortza-Bolibar, Bizkaia).

Formatu berrituarekin antolatu dute aurtengo Arkupehotsak. Besteak beste, musikari gazteei zuzendu zaie deialdia espreski, eta lehen aldiz, adin tartea finkatu dute Kulturazeko antolatzaileek: 16 eta 25 urte arteko sortzaileek izan dute aurkezteko aukera. Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, eta inguruko sortzaileei balioa eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak. Horretarako, aurten, egitasmoan parte hartuko dutenei kontzertu baterako plaza eskaintzeaz gain, "esperientzia osoagoa" jarri nahi izan die eskura Kulturazek, eta Dinamoan sormen egonaldia egingo dute hautatutako lau musikariek. Egonaldi horretan, Eñaut Gaztañagaren formakuntza teknikoa eta Gartxot Unsain, Tomas Lizarazu eta Olatz Salvadorren gidaritza artistikoa jasoko dituzte; eta esperientzia borobiltzeko, kontzertu bana emango dute Sanagustin kulturgunean Aristegik, Larrañagak, Beraetxek eta Zulaikak, bidelagun izango dituzten artistekin batera.

Dinamoan, martxan jarri berri duten soinuaren eremuan egingo dituzte egonaldiak Arkupehotsak egitasmoko partaideek; hain zuzen ere, egonaldi horrekin ireki nahi dituzte sormen guneko eremu berriaren ateak. ">Sormen egonaldien bidez, esperientzia osoago bat eskainiko zaie musikari gazteei: musika sortu, ikasi, prestatu eta plazaratzeko aukera bat. Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak", azaldu du Kulturazek.