Dinamoko soinuaren eremua, erabiltzen hasteko prest

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 9a, 20:48

Herriko musikariei eta sortzaileei zuzendutako atzoko bisitaren ostean, gaur herritar orori bideratutakoa egin dute. Soreasuko sormen gunea osatzera datorren gaikako laugarren eta azken eremua ere sortzeko, ikasteko eta harreman sareak indartzeko espazioa izatea nahi dute udalak eta Kulturazek.

Atzo herriko musikariak eta sortzaileak, eta gaur nahi zuen herritar orok. Udalak eta Kulturazek denen eskura jarri du egunotan Soreasuko Dinamoa sormen gunea osatzeko falta den azken eremua, soinuarena, ezagutzeko parada, eta ez askok, baina batzuek behintzat aprobetxatu dute abagunea.

Gaur ere Eneritz Albizu Kultura zinegotziak eta Kulturazeko Aitor Bengoetxeak egin diete harrera bisitariei Dinamoaren beheko gela nagusian. Han azaldu dituzte soinuaren eremuaren hainbat xehetasun, baina batik bat, bai Albizuk, bai Bengoetxeak, Dinamoa osatzeko falta zen eremua erabiltzeko gonbita egin diete musikarekin, soinuarekin, lan egin edota esperimentatzeko gogoa duten herritar guztiei. Soinuaren eremua herrian sormenaren eta edukiaren zein teknikaren aldetik musikarekiko eta soinuaren munduarekiko joera, kezka, duten denentzako topaleku izatea nahi dute. Horretarako egokitutako espazioak eta baliabideak aurkituko dituzte horiek soinuaren eremuan.

2019tik Dinamoan martxan diren hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuen ondotik dator soinuaren eremua, eta hura ere martxan hasteko prest dago, eta gaurko bisitariek izan dute haren barrunbeak ikusteko aukera. Eremu hori ere sortzeko, ikasteko eta harreman sareak indartzeko espazioa izatea nahi dute udalak eta Kulturazek. Izan daitekeenaren adibide asko aipatu dizkie Bengoetxeak bisitariei, baina aukerak askoz gehiago eta askotarikoak izan daitezkeela azpimarratuta; besteak beste, herrian aspalditik martxan diren musika taldeen entsegu lokalen osagarri ere izan daitekeela esan du, baina inoiz ere ez horien ordezko.

Erabilera arauez, materialaz eta baliabideez galdetzeko aukera izan dute bisitariek. Materialari dagokionez, gehientsuena oraindik kaxetatik ateratzeko dagoela ikusi ahal izan dute, estreinatzeko prest. Beharren eta sortzen diren dinamiken arabera joango dira osatzen soinuaren eremua, gainerakoekin egin duten bezala, Dinamoko arduradunek azaldu dutenez.

Erabiltzen hasi nahi dutenek edota eremu berriaren gaineko informazio gehiago nahi dutenek, Dinamora jo besterik ez dute.