Matxin III-Otano eta Jabalera-Ion bikoteek irabazi dituzte Erremonte Txapelketako bigarren saioko partidak

Anartz Izagirre 2022ko aza. 12a, 09:44
Bigarren jardunaldiko lehen partida jokatu zuten pilotariak. (e-Remonte)

Atzo, ostirala, jokatu zituzten Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren saioko partidak, eta hurrengo jardunaldian erabakiko dira ligaxkako lehen postuak. Atzo, batetik, Matxin III-Otano bikotea nagusitu zen Zeberio II-Saldiasen aurka (30 eta 36), eta, bestetik, Jabalera-Ion bikotea nagusitu zen Otxandorena-Utergaren aurka (28 eta 35).

Aurrera jarraitzen du Azpeitiko Erremonte Txapelketak. Joan zen azaroaren 4an hasi zen txapelketa, eta atzo, ostirala, ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zuten pilotariek, Izarraitz pilotalekuan. Alde batetik, Matxin III.ak eta Otanok osaturiko bikotea Zeberio II.ak eta Saldiasek osaturikoaren aurka lehiatu zen, eta 30-36 amaitu zen partida, Matxin III-Otanoren alde. Bestetik, Otxandorena-Uterga eta Jabalera-Ion bikoteak aritu ziren elkarren aurka nor baino nor gehiago lehian, eta Jabalerak eta Ionek ligaxkako bigarren partida irabazi zuten atzo; 28-35 amaitu zen partida.

Horrenbestez, momentuz Jabalera-Ion bikoteak bi partida irabazi ditu ligaxkan, Matxin.III-Otanok bat, Otxandorena-Utergak beste bat —lehen jardunaldia Otxandorenak eta Agirrezabalak jokatu zuten— eta Zeberio II-Saldias bikoteak bat ere ez. Datorren azaroaren 18an erabakiko da zein bikote sailkatuko diren finalera eta zein bikotek jokatu beharko duten hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Beraz, hilaren 18an Zeberio II.a-Saldias Matxin III.a-Otanoren kontra arituko da lehian, eta Uterga-Agirrezabala Jabalera-Ionen kontra. Azaroaren 25ean jokatuko da finala nagusia.

Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak ari dira txapelketan parte hartzen, eta ez Oriamendikoak.

Bigarren jardunaldiko bigarren partida jokatu zuten pilotariak. (e-Remonte)