Jabalera-Ion eta Otxandorena-Agirrezabala bikoteak nagusi, Azpeitiko Erremonte Txapelketako lehen saioan

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 5a, 10:01
Lehen neurketa jokatu zuten pilotariak.

Azpeitiko Erremonte Txapelketako lehen partidak jokatu dituzte Izarraitz pilotalekuan. Lehen norgehiagokan Jabalera eta Ion nagusitu dira Zeberio II.aren eta Saldiasen aurka (35 eta 26), eta bigarrenean Otxandorena eta Agirrezabala gailendu zaizkie Matxin III.ari eta Otanori (35 eta 32).

Azpeitiko Erremonte Txapelketako lehen neurketak jokatu zituzten atzo, ostirala, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak ari dira txapelketan parte hartzen, eta ez Oriamendikoak. Bi partida jokatu zituzten atzokoan: Zeberio II.a eta Saldias Jabaleraren eta Ionen kontra aritu ziren, eta Matxin III.a eta Otano Otxandorenaren –Utergaren ordez aritu zen– eta Agirrezabalaren kontra. Lehen norgehiagokan Jabalera eta Ion nagusitu ziren, 35 eta 26, eta bigarrenean, berriz, Otxandorena eta Agirrezabala gailendu ziren, 35 eta 32.

Azaroko lau ostiraletan jokatuko dute txapelketa; lehendabiziko hiruretan sailkapen ligaxkako partidak jokatuko dituzte, jardunaldi bakoitzeko bi. Horrela, hiru jardunaldiotan bikote denek denen kontra jokatuko dute, eta ligaxkan lehen bi tokietan sailkatzen diren bikoteek jokatuko dute finala, azaroaren 25ean; finalaren aurretik, berriz, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute.

Hau da ligaxkaren jardunaldietako partiden egutegia:

  • Azaroaren 11: Zeberio II.a-Saldias Uterga-Agirrezabalaren kontra, eta Matxin III.a-Otano Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 18a: Zeberio II.a-Saldias Matxin III.a-Otanoren kontra, eta Uterga-Agirrezabala Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 25a: hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, eta finala.

Bigarren neurketa jokatu zuten pilotariak.