Emakumeei zuzendutako entrenamendua antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek

Julene Frantzesena 2022ko urr. 19a, 09:05
Malen Osa. (Lagun Onak MB)

Proban emakumeen parte hartzea sustatzeko egitasmoak antolatzen hasi dira Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Domusa Teknik, eta azaroaren 5erako jarri dute aurreneko hitzordua. Malen Osa korrikalariarekin hamabost bat kilometroko ibilbidea gauzatu ahal izango dute hala nahi duten emakumeek. Aurrez izena eman beharko da.

Dagoeneko badu data datorren urteko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketak, eta haren antolatzaileek azaldu dutenez, hainbat egitasmo antolatuko dituzte proban emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz.

Horietan aurrena azaroaren 5ean, larunbatez, egingo dute. Egun horretarako, Salomon Next Gen taldeko Malen Osa korrikalari oñatiarrak gidatutako eta emakumeei zuzendutako entrenamendu saioa antolatu dute Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Domusa Teknikek. 09:00etarako jarri dute hitzordua plazan, eta hamabost bat kilometroko ibilbidea gauzatuko dute parte hartzaileek. Entrenamenduaren ostean, Osak berak solasaldia eskainiko du Lagun Onak MBren egoitzan, eta hamaiketakoa ere egin ahal izango dute hara joaten direnek.

Dagoeneko zabaldu dute entrenamendurako izena emateko epea; Lagun Onaken webgunean eman daiteke izena, doan. Haren sustatzaileek adierazi dutenez, gizonek ere parte hartu ahal izango dute saioan, emakume batekin joaten baldin badira hitzordura. Bestalde, entrenamenduan parte hartzen duen emakume bakoitzak zenbaki bat eskuratuko du –emakumeei zuzendutako gainerako ekitaldietan ere banatuko dituzte–, eta lasterketa gerturatu ahala, dortsalak zozkatuko dituzte zenbakiak dituzten lasterkarien artean.

Azaroaren 16an, asteazkenez, zabalduko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako izena emateko epea.