Mirari Uria: "Pixkanaka pauso handiak ematen ari da emakumeen futbola"

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 18a, 09:01
Mirari Uria Zubietan, Realaren armarriaren irudia ondoan duela. (Arnaitz Rubio Aprea)

19 urterekin, Realaren talde nagusian bigarren denboraldiari ekin dio Mirari Uriak. Duela lau urte iritsi zen Lagun Onaketik Realera, eta pausoz pauso, amets asko ari zaizkio betetzen "txikitan beti futbolean" ibiltzen zen aurrelari azpeitiarrari. Europako eta munduko txapel bana irabazi ditu Espainiako selekzioarekin. 2022ko urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Zubietako Z7 zelaian, Realaren entrenamendu gune handiaren goreneko zelaian, eguzkipean entrenatu ondoren hartu du Uztarria Mirari Uriak (Azpeitia, 2003), egun horretan zegozkion masajea eta tratamendua jaso aurretik. Realak 0-1 galdu zuen Municheko Bayernen aurka bi egun lehenago, taldearen Txapeldunen Ligako lehen agerraldian. Uriak ez zuen minuturik izan partida hartan. Udan Espainiako selekzioarekin Europako eta munduko txapeldun izan ondoren, Realean gero eta minutu gehiago jokatzea du, hain zuzen ere, aurtengo helburu nagusia.

Europako eta munduko txapeldun, uda berean. Ez da marka txarra.

Uda hasieran ez nuen berehalakoan pentsatzen bi titulu horiek lortuko nituela. Europako Txapelketan bai geundela irabazteko hautagaien artean, faboritoetakoak ginen, baina Munduko Txapelketan ez. Maila horretako bi txapelketa irabaztea oso zaila da, pribilegiatuak gara horrelako bi lorpenetan parte hartzeagatik.

Europakoa irabazi ondoren, espero al zenuen Munduko Txapelketarako hautatuen artean egotea?

Iazko irailean jaso nuen Espainiako selekzioaren lehen deialdia, eta bi taldeetakook elkarrekin egon ginen. Ondoren, denboraldi osoan 19 urtez azpikoekin ibili nintzen, Europako Txapelketaren azken fasera sailkatzeko partidak jokatzen. Aldiz, 20 urtez azpiko selekzioak aurretik lortua zuen Munduko Txapelketa jokatzeko txartela, eta deialdi gutxiago egin zituzten maila horretarako. Urtean zehar deialdi denetan edo ia denetan egon nintzenez, alde batetik banuen 20 urtez azpikoen txapelketara ere deituko ninduten esperantza; baina, bestetik, maila horretan ni baino zaharragoak eta oso onak diren jokalari asko daudela pentsatzen nuen.

Txapelketa bat bukatu eta bestea hasi bitarteko denbora tartea ere laburra izan zen, ezta?

Hamar eguneko tartea genuen, eta bai, oso zaila da txapelketa batetik itzuli berritan beste bati ekitea, psikologikoki pixka bat nekatuta zaudelako, baina uste dut nahiko ondo moldatu garela azkenean.

19 urte azpikoen selekzioan jokalari nabarmenenetakoa izan zinen eta gol garrantzitsuak egin zenituen. 20 urtez azpikoen taldean, aldiz, rol apalagoa betetzea tokatu zitzaizun. Nolakoak izan ziren bi txapelketak zuretzat?

Bi txapelketak oso desberdinak izan dira niretzat. 19 urtez azpikoenean ia partida guztietan hasierako hamaikakoan jokatu nuen; izan ere, esan dezakegu hori dela nire berezko maila, neu nintzen taldean zaharrenetakoa. Hala ere, pribilegiatua izan naiz, Pedrok [Lopez, Espainiako 19 eta 20 urtez azpikoen hautatzaile izan dena] jokatzeko aukera eta minutu asko eman dizkidalako eta nigan konfiantza osoa izan duelako. 20 urtez azpikoen selekzioarena beste kontu bat da. Urtebete zaharragoak diren jokalariak sartzen dira hor, maila askoz handiagoa da, eta hamaikakoan tokia izatea askoz zailagoa. Hala ere, minutu asko jokatu nituen Munduko Txapelketan, eta oso gustura aritu nintzen. Egia da ez dela gauza bera titularra izatea edo gutxiago jokatzea, baina asko gozatu dut bi txapelketetan, oso esperientzia politak izan dira biak.

19 urtez azpiko Europako txapeldunak, finala amaitu berritan. Zutikako lehen lerroan ezkerretik hasita bigarrena da Uria. (RFEF)

Realaren harrera Anoetan, Azpeitiko Udalaren aitortza... Baina omenaldi bereziena etxean egin zizuten. Ez al da hala?

Bai, egundokoa izan zen. Gainera, ez neukan arrastorik, ez nekien ezer. Madrildik etxera nentorren, eta lehengusu bati idatzi nion, afaltzera baserrira joatekoa nintzela eta berak joan behar al zuen galdetzeko. Baietz erantzun zidan, baina besterik gabe. Nik afalorduaren aurretik joan nahi nuen baserrirra, attitterekin eta amamarekin egotera; eta gurasoek ezetz, joango nintzela gero, 20:00etarako joango ginela. Eta horrela egin genuen. 20:00etarako azaldu nintzen, eta han zeuden lehengusu denak, kuadrillakoak, familia osoa ia. Ez dakit zenbat pertsona egongo ziren guztira, 90 bat edo. Oraindik ezin dut sinetsi nolako harrera egin zidaten. Benetan eskertzekoa da etxera itzultzea eta hainbeste jenderen gertutasunaz gozatzea. Ez gara gure lorpenaz hain kontziente, eta jendearen gertutasun horrek erakusten dizu zerbait polita egin duzula, halako harrera eragiteko. Niretzat amets bat zena bete dudalako ingurukoak ere zenbat poztu diren ikusteak asko hunkitu nau.

2018-2019 denboraldian iritsi zinen Lagun Onaketik Realera beste bi azpeitiarrekin batera; Haizea Uranga eta Elene Viles. Nola oroitzen dituzu Zubietako hasierako egun haiek?

Realak bigarren taldea atera nahi zuen, urtean zehar Zubietan zenbait entrenamendu antolatu zituzten eta horietan izan nintzen. Beti izaten duzu hartuko zaituzten esperantza txiki hori, baina hala ere, Realak hartuko ninduela esan zidatenean, egundoko ilusioa egin zidan. Familia osorentzat izan zen poz handia. Egunerokoan aldaketa handia izan zen niretzat: taxian etortzen ginen Azpeititik, berriak ginen eta hemen jende berri asko ezagutu genuen. Haizearekin txiki-txikitatik izan dut harremana; Elenerekin zerbait gutxiago, orduan maila bat goragokoekin aritzen baitzen. Beraz, bai, babesa izan zen niretzat hona etorri eta bi azpeitiar eta Jone Larrañaga azkoitiarra ondoan izatea. Horrez gain, hemen jendea oso irekia da, oso ondo hartzen zaituzte. Oroitzapen onak ditut, egun politak izan ziren hasierako haiek ere.

Kadeteak zineten artean, baina Realean senior mailako talde batera egin zenuten jauzi.

Guretzat ez zen horrenbesteko jauzia izan. Taldekide gehienak kadeteetan onenak zirelako zeuden han, eta gainontzekoak, berriz, maila handiagoko ligetan ibilitako seniorrak ziren. Lehen urtean, adibidez, oso aise ibili ginen, ez genuen jauzia antzeman. Bat edo bi kenduta, denak oso jokalari gazteak ginen, eta ondo etorri zitzaigun beteranoagoak ziren haien eskarmentua. Momentu txarrenetan hitza hartzeko, kapitaintza hartzeko... beharrezkoa da esperientzia gehiago duen norbait izatea, taldea orekatzeko.

2019an talde nagusiarekin partidaren bat jokatu zenuen jada.

Bua, ez dakit noiz jokatu nuen ere, kristoren arazoa daukat! [barrez]. Akordatzen naiz Realera etorri ginen urte hartako denboraldiaurrean Las Gaunasen, Logroñon [Errioxa, Espainia], minutu batzuk jokatu nituela. 2018-2019an uste dut ez nuela gehiago jokatu lehen taldearekin, eta 2019-2020 denboraldian bai, Anoetan. Hura izan zen nire debuta.

Eta nolakoa izan zen, nola oroitzen duzu?

Oso oroitzapen onak dauzkat. Entrenatzaileak berotzera atera ninduen, baina uste nuen agian berriro aulkira itzuliaraziko ninduela. Bat-batean, "Mirari!" entzun nuen, eta horixe pentsatu nuen, berriro aulkira joateko deitzen ari zitzaizkidala. Aulkira joan, esertzen hasi nintzen, eta "ez, ez, zelaira irten behar zarela!". Aiba! Athleticen kontrako derbia zen, jende pila bat zegoen Anoetan, nire familia osoa joan zen partidara... Benetan zirraragarria izan zen zelaira irtetea niretzat. Oso gaztea nintzen, ez dakit 16 edo 17 urte nituen, eta hainbeste jenderen aurrean jokatzea, niretzat erreferente eta ni baino askoz zaharragoak ziren jokalariekin... Hasiberri berri bat, egundoko eskarmentua zutenen kontra. Taldearentzat ez, galdu egin baikenuen, baina pertsonalki oso egun handia izan zen, oso polita.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Lau urtetan aldaketa asko eta nabarmenak bizi izan dituzu futbolari ibilbidean. Bertigo apurren bat ez al duzu sentitu uneren batean?

Pixka bat bai, batik bat joan den urtean. Lehen Mailako dinamikan sartu nintzen eta egundoko aldea zegoen bigarren taldearen eta talde nagusiaren artean. Bigarren taldea Nazional mailan aritzen da, eta maila horretan eta Lehen Mailan dauden taldeen mailak oso desberdinak dira. Batik bat erritmoari eta fisikoari dagokionez, asko hobetu behar da Lehen Mailak eskatzen duen neurria emateko.

Atzera begira jarrita, noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Txikitan beti futbolean ibiltzen nintzen. Anaiarekin, lehengusuekin... beti futbolean. Amak ere esaten dit, eskolan hasi nintzenean, joan zela irakaslearekin hitz egitera, galdetu ziola ea zertan aritzen nintzen edo nola moldatzen nintzen han, eta irakaslearen erantzuna "mutilekin futbolean jolasten ibiltzen da" izan zela. Txiki-txikitatik, betitik, ibili izan naiz futbolean. Aurrerago, lehendabizi saskibaloian hasi nintzen, Iraurgin, baina laster aldatu nintzen futbolera. LH5en nenbilela izan zela uste dut. Lagun Onaken teknifikazio eskolara joaten hasi nintzen; oker ez banago, igandeetan entrenatzen genuen, astean behin, eta tartean behin partidaren bat jokatzen genuen. Gero, ez dakit infantiletan ala kadeteetan izan zen, astean pare bat aldiz entrenatzen genuen. Horrela hasi nintzen, eta orain arte.

Nola oroitzen dituzu Lagun Onaken egon zinen urteak?

Oso ondo pasatzen nuen. Kristoren gogoarekin joaten nintzen entrenatzera. Taldekideon artean egundoko giro ona genuen, eta gainera, oso talde ona osatzen genuen, maila oso ona zegoen. Kadeteetan maila baxuenean hasi ginen lehiatzen, eta ohorezko mailara igotzea lortu genuen. Denboraldi oso onak egin genituen. Oroitzapen oso politak gordetzen ditut Lagun Onaken ibili nintzen garai hartatik.

Realaren talde nagusiko jokalaria zara orain. Nolakoa da zure ohiko egun bat?

Goizeko bederatziak ingururako Zubietan egon behar izaten dugu. Partida bat prestatzen ari bagara, bideo saio bat izan ohi dugu hasteko; bestela, gimnasioan ariketak egiten ditugu entrenamenduaren aurretik. 11:30 aldera hasi eta 13:30 aldera bukatzen ditugu entrenamendu saioak zelaian. Astean behin atseden hartzen dugu. Partida egunetan, berriz, goizean jokatu behar badugu, jaiki, gosaldu eta zuzenean joaten gara zelaira; arratsaldean jokatu behar badugu, goiz horretan saiatzen gara pasieraren bat egiten, pixka bat aktibatzeko eta neurketara lo ez ailegatzeko. Etxetik kanpo jokatzen dugunean, errutina eta ordutegi jakinak ezartzen dizkigute otorduetarako, pasiera egiteko edo geuretzat tarte bat hartzeko. Astegunetan, arratsaldez unibertsitatera joaten naiz; Fisioterapia ikasten ari naiz, Donostian, Deustuko Unibertsitatean, oso gustura. Eta unibertsitateko eskolak bukatutakoan, etxera.

Kanpoan jokatzen duzuenean, bidaiak autobusez ala hegazkinez egiten dituzue?

Gehienbat autobusez, baina egia da joan den denboraldian hegazkina gehiagotan hartu genuela; hori esan beharra dago.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Donostian bizi al zara astean zehar?

Ez, Azpeitian bizi naiz, eta egunero egiten dut Donostiatik joan-etorria.

Ondo moldatzen al zara futbola eta ikasketak uztartzeko?

Bai, nahiz eta joan den urtean zailtasun gehiago aurkitu nituen. Unibertsitatean irakasgai guztiak hartu behar izan nituen, asistentzia ere kontatu egiten zidaten, baina entrenamenduak zirela-eta eskola asko galtzen nituen. Futbol denboraldiaren amaieran lasaiago hartu nituen ikasketak, bestela bietara larri ailegatzen nintzelako.

Ez al dago erraztasunik eliteko kirolariek beren jarduera ikasketekin bateragarri egin dezaten?

Nire kasuan, Deustuk bere araudia dauka, hor jasota dago klaseak presentzialak izango direla, eta alde horretatik, ez dago zereginik. Egia da, hala ere, ahal duten neurrian malguak izaten eta laguntzen ahalegintzen direla; arratsaldez joan ezin naizenetan, taldearen atseden egunetan eskola batzuetara goizez joateko aukera ematen didate, edo tutoretza orduak nahi dudan unean eskatzeko erraztasunak ematen dizkidate. Irakasleek babes handia eman zidaten joan den ikasturtean.

Udan bi txapelketa handi jokatuta, opor egun asko ez zenituen izango, ezta?

Ez, ez dut opor asko eduki, baina beno, uste dut nahikoa izan dudala eduki dudanarekin. Europako Txapelketa bukatu eta Munduko Txapelketara joan bitartean hamar egun izan nituen atseden hartzeko, eta Munduko Txapelketa bukatu ondoren, beste zazpi egun eman zizkidaten Realera itzuli aurretik. Uste dut atseden egun horiez gozatzea garrantzitsua dela, batik bat psikologikoki, denetik deskonektatzeko. Denboraldia oso luzea izaten da, eta horri behar bezala eusteko beharrezkoa da zeure buruari tartea eskaintzea, deskonektatzea eta nahi duzuna egiteko denbora hartzea.

Emakumeen goi mailako futbolak aurrerapauso handiak eman ditu epe nahiko laburrean: egitura eta liga profesionalak, hedabideetan ikusgarritasun gehiago... Hala ere, gizonen futbolak duen itzalera iristetik urrun dago. Zertan hobetu daitekeela iruditzen zaizu? Zer lehentasun ikusten dituzu?

Pixkanaka parekatzen ari garela uste dut, baina, era berean, iruditzen zait inoiz ez garela iritsiko mutilen futbolak duen eragina izatera. Gu duela gutxi hasi gara, eta uste dut pixkanaka pauso handiak ematen ari dela emakumeen futbola: gure partida guztiak ematen dituzte telebistan, talde guztiek dauzkate fisioterapeutak, medikuak... edozein talderentzat oinarrizkoak diren baliabideak. Gainera, lehiaketak profesionalak direnez, aurrerantzean belarrezkoak izango dira zelai guztiak, ez artifizialak. Pixkanaka, gauzak lortzen ari dira, eta hemendik urte batzuetara aurrepauso gehiago izango direla uste dut. Neuri dagokidanez, zortea izan dut, emakumeen futbolaren orain arteko unerik onenak bizitzea egokitzen ari zaidalako. Entrenatzaile batzuek edo aspalditik futbolean dabiltzan jokalari zaharragoek kontatzen dizkidatenak entzundakoan, ez ditut irudikatu ere egiten. Ni futbolean hasi nintzenetik gaur arte pauso handiak eman dira.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Ikusi al duzu umerik zure elastikoarekin?

Berria naiz taldean eta ez daukat taldekide batzuen adinako oihartzunik, baina bai, bat ikusi nuen, eta egundoko ilusioa egin zidan.

Zer eskatzen diozu 2022-2023 denboraldiari?

Pixkanaka minutu gehiago jokatzea lortzea, eta ahal bada, taldeak joan den urtekoa bezain denboraldi ona egitea.

Ikusiko al ditugu hiru azpeitiar batera Realaren lehen taldean?

Oxala! Nahiago nuke, hiru edo gehiago izatea. Denboraldiaurrea talde nagusiarekin egin zuten Haizeak eta Elenek. Oso jokalari onak dira, eta lanean modu berean jarraitzen badute, seguru nago hiru azpeitiarrok lehen taldean jokatuko dugula egunen batean.