Gipuzkoako txapela jantzi du berriro Mikel Larrañagak

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 2a, 10:29
Mikel Larrañaga txapela jantzita eta semea eskuetan duela, atzo, Oñatiko podiumean. (Aitor Agiriano/Goiena)

Iaz Beasainen irabazitako titulua berritu zuen azpeitiarrak atzo Oñatin, Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Eneko Otañoren aurretik.

Mikel Larrañaga aizkolariak Gipuzkoako txapela jantzi du berriro. Atzo jokatu zen Oñatin aurtengo txapelketa, eta azpeitiarra izan zen azkarrena hamar enborrak mozten; 31 minutu eta 3 segundo behar izan zituen 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako biak ebakitzeko, eta bi minututik gorako aldea atera zion bigarrenari. Horrenbestez, iazko garaipena berritu du Larrañagak, eta Gipuzkoako laugarren titulua bereganatu du, 2014an, 2016an eta 2021ean lortutakoei aurtengoa gehituta.

Sei aizkolari lehiatu ziren atzo Oñatin eta 2021eko txapelketako aizkolari berberak igo ziren podiumera, baina Larrañagak bakarrik errepikatu zuen postua: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarentzat izan da aurten bigarren tokia, eta Eneko Otaño beizamarrarentzat hirugarrena. Jokin Urretabizkaia Basozabal sailkatu zen laugarren, Ugaitz Mugertza bosgarren, eta Suharri Rodriguez seigarren.

Hona hemen txapelketaren sailkapena eta lehiakideen denborak:

  1. Mikel Larrañaga (31:03)
  2. Julen Alberdi Txikia IV (33:22)
  3. Eneko Otaño (33:53)
  4. Jokin Urretabizkaia Basozabal (34:28)
  5. Ugaitz Mugertza (35:07)
  6. 6. Suharri Rodriguez (39:10)