Mikel Larrañagak Gipuzkoako txapela jantzi du

Andoni Elduaien 2021ko aza. 14a, 13:38
Larrañaga, txapelarekin, ezkerrean Otaño eta eskuinean Alberdi dituela. (Ibon Errazu)

Beasainen jokatu den txapelketan parte hartu duten eskualdeko hiru aizkolariek osatu dute podiuma; izan ere, Eneko Otaño aizkolari beizamarra izan da bigarren eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a' aizkolari azkoitiarra hirugarren.

Mikel Larrañagak jantzi du gaur, igandea, Gipuzkoako Aizkora Txapelketako txapela. Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar kiroldegian jokatu dute lehia, eta azpeitiarra izan da lanak azkarren amaitu dituen aizkolaria. Larrañagaren ondoren sailkatu dira, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra.

Aizkolariek hamar enbor ebaki behar izan dituzte lanak amaitzeko; zehazki, 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako bi. Larrañagak 29.38,8 [29 min 38 s] behar izan ditu lanak amaitzeko; Otañok, 30.31,2 [30 min 31 s]; eta Txikiak, 34.16,6 [34 min 16 s]. Eskualdeko hiru aizkolarien atzetik sailkatu dira, Ugaitz Mugertza, Iñaki Azurmendi eta Jesus Mari Mujika. 

Hona hemen sailkapena osorik:

1- Mikel Larrañaga [29 min 38 s] 

2- Eneko Otaño [30 min 31 s]

3- Julen Alberdi Txikia IV.a [34 min 16 s]

4- Ugaitz Mugertza [35 min 13 s]

5- Iñaki Azurmendi [36 min 17 s]

6- Jesus Mari Mujika [39 min 36 s]

Erlazionatuak