Gaztetxoak ikerlari bihurtu dira Asteklimaren barruko lehen tailerrean

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 24a, 14:29

Asteklimaren barruan, klima aldaketaren inguruko tailerra eskaini dute Ekoetxean. Bertaratu direnak ikerlari bihurtu dira une batez, eta izotz lehorra erabilita, klima aldaketari buruzko esperimentu praktikoa egin dute. Bihar egingo dute Asteklimaren barruko bigarren ekintza. Niararen bidaia antzezlanaz gozatu ahal izango dute herritarrek Sanagustin kulturgunean.  

Klima eta Energiaren Astea izango da gaurtik urriaren 2ra bitartean, eta Azpeitian ere egingo dituzte horri lotutako ekitaldiak. Gaur goizean egin dituzte Asteklimaren barruko lehen tailerra, Eusko Jaurlaritzak, Azpeitiko Udalak, Ekoetxeak eta beste hainbat eragilek antolatuta. Zehazki, 8 urtetik gorako umeei zuzenduta, klima aldaketari buruzko tailerra egin dute Ekoetxean, eta bertan parte hartu duten gaztetxoak ikerlari bihurtu dira egun batez; izan ere, izotz lehorra erabilita, klima aldaketari buruzko esperimentu praktikoa egin dute.

Bihar, igandea, egingo dute Asteklimaren barruko bigarren ekintza. Niararen bidaia antzezlanaz gozatu ahal izango dute herritarrek Sanagustin kulturgunean. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia, 11:00etatik 12:00etara izango da, doan, baina hara joan nahi dutenek ere aurrez izena eman beharko dute –irailaren 23a izango da horretarako azken eguna–, 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta.

Hirugarren eta azken saioa, berriz, urriaren 2an, igandez, izango da, Ekoetxean. Egun horretan Hidrogeno berdea izeneko tailerra eskainiko dute Ekoetxean (11:00etatik 12:00etara). Tailer horretan parte hartzeko ez da ordaindu beharko, eta izena emateko azken eguna hilaren 30a izango da (943-81 24 48 telefono zenbakira deitu behar da). Energiari buruzko erakusketa ikusteko eta ariketa praktikoak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.