Ticket Bai fakturazio sistemaren kontrako elkarretaratzea deitu du Bertanek astelehenerako

Julene Frantzesena 2022ko ira. 24a, 10:35

Elkarteak azaldu duenez, aldundiaren kamioi ibiltari bat herrian izango da etzi, herritarrei Ticket Bairi buruzko informazioa ematen, eta horregatik deitu du protesta. 13:00etan izango da, Olazko Andre Mariaren plazan.

Bertan merkatari elkarteak Ticket Bai fakturazio sistemaren kontrako elkarretaratzea deitu du astelehen eguerdirako. Elkarteak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kamioi ibiltari bat herrian izango da etzi, herritarrei Ticket Bairi buruzko informazioa ematen, eta horregatik deitu du protesta.

Olazko Andre Mariaren plazan egingo dute kontzentrazioa, 13:00etan hasita, Bertanek azaldu duenez, han kokatuko dutelako Aldundiaren kamioia. Fakturazio sistema berriaren eragina "jasango duten eta horrekin ados ez dauden" kolektiboei elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die merkatari elkarteak, hala nola merkatariei, ostalariei, zerbitzu enpresei, ekoizleei, artisauei eta abar.

Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarriak iazko urrian kaleratu zuen Ticket Bai sistemari buruzko erreportajea.