Erreportajea

Tiketa bai, anabasa ere bai

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 23a, 09:02

Fakturak zuzenean Ogasunarekin lotuko dituen sistema bat da Ticket Bai, eta zerga iruzurra saihestea du helburu nagusi. 2022ko hasieratik ezartzen hastekoak baziren ere, ezarpen hori sei hilabete atzeratuko duela jakinarazi berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Dena den, hainbat zalantza eragin du egitasmoak herritarren artean. 2021eko urriko Uztarria aldizkarian, sistema berriaren ezarpenaren atzerapena iragarri aurretik, plazaratu dituzte horiek.

Azkenaldian bolo-bolo dabilen kontua da Ticket Bai sistemarena. Baina zer da zehazki? Izenak berak dioen moduan, tiketaren erabilerari baiezkoa eman beharko zaio datorren urtetik aurrera; bai behintzat, Gipuzkoan. Hau da, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek fakturazio software bat ezarri –edo aurrez zutena moldatu– beharko dute beren enpresetan. Software horren bidez, tiket bat sortuko da salerosketa bakoitzean, eta tiket hori sortzen den unean haren inguruko informazio guztia Ogasunera joango da zuzenean; era berean, informazio hori Ogasunera iritsi dela ziurtatu ahal izango du bezeroak tiketeko QR kodearen bidez. Horrela, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin lotuko da, eta foru erakundeak denbora errealean jasoko du erregistratzen den salerosketa bakoitzaren informazioa. Modu horretan, iruzur fiskala saihestea da asmoa. Helburu nagusi horrez gain, zerga administrazioak zergadunari eskaintzen dion zerbitzua hobetzea ere bada Ogasunaren helburua, baita Gipuzkoako sektore ekonomikoa digitalizatzea ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak abiatutako proiektua da Ticket Bai. Dena den, lurralde bakoitzean modu bereizian jarriko da indarrean. Bizkaian 2024ra arte ez dute ezarriko, Araban 2022an indarrean sartzekoa da printzipioz, eta Gipuzkoan 2022ko urtarriletik aurrera hasiko dira ezartzen, modu mailakatuan, sektorez sektore. Egutegi honetan ikus daitezke epeak:

- 2022ko urtarrilaren 1a. Zerga kudeaketako profesionalak.

- 2022ko martxoaren 1a. Jarduera profesionalak.

- 2022ko maiatzaren 1a. Merkataritza txikia, ostalaritza, ostatuak eta gainerako profesionalak.

- 2022ko urriaren 1a. Eraikuntza eta higiezinen promozioa, garraioa, eta aisialdi, kultur nahiz pertsonalekin erlazionatutako zerbitzuak.

- 2022ko abenduaren 1a. Fabrikazioa, merkataritza handia, telekomunikazioa, finantzak, artistak eta gainerako behartuak.

(Aipatutako data iritsi aurretik, sektore bakoitzak Ticket Bai sistema martxan jarri beharko du derrigorrez)

Guztira, 55.000 zergaduni eragingo die sistemak Gipuzkoan, eta beraz, baita Azpeitian jarduera ekonomikoa gauzatzen dutenei ere. Aurrerantzean, salerosketa bakoitzeko tiket bat sortzera derrigortuta egongo dira negozio guztiak: ostalariak, merkatariak, autonomoak, gremioetako langileak... baita gozoki dendetako jabeak ere, bi gominola saltzen baldin badituzte ere.

Gaur-gaurkoz, borondatezko epean dago Ticket Bai sistemaren egutegia; hau da, oraindik ez da derrigorrezkoa sistema ezartzea. Borondatezko epe hori azaroan amaitzen zen berez, baina duela gutxi aldi hori luzatzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, sektore bakoitza derrigorrezko epean sartu baino hilabete lehenago amaituko da borondatezko epea. Aldundiak zergadunak animatu nahi ditu Ticket Bai sistema borondatezko epean ezartzera; hainbat abantaila ditu horrek, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariak azaldu duenez: "Batetik, probak egiteko aukera ematen du, derrigorrezko epea iritsi aurretik sistemak nola funtzionatzen duen ikasteko. Bestetik, kenkari handiagoak aplikatuko zaizkie sistema borondatezko epean ezartzen dutenei. Izan ere, derrigorrezko epean ezartzen dutenei %30eko kenkaria aplikatuko zaie, eta %60koa borondatezkoan egiten dutenei. Gainera, borondatezko epean ez dago isunik".

Ogasunaren datuen arabera, oraingoz 8.000 zergadun erregistratu dira Ticket Bai sisteman, eta horietatik 600 ari dira dagoeneko erabiltzen. Guztira, 40.000 faktura baino gehiago iritsi dira Ogasunera sistema horren bidez, eta 400 software daude jada erregistratuta.

Saioa Larrañaga, Softekineko langilea. (Ihintza Elustondo)

Softwareak, nahieran

Baina nola ezarri sistema? Horretarako, ezinbestekoa da fakturazio sistema digitalizatzea. Hau da, aurrerantzean, Internet bidez iritsiko dira zergadun bakoitzaren fakturak Ogasunera. Hortaz, sistemak funtziona dezan, bakoitzak baliabide ezberdinak ezarri beharko ditu bere enpresan, aurrez ezarria zuen sistemaren arabera, eta beraz, egin beharreko inbertsioa ere ezberdina izango da zergadun bakoitzarentzat. Internetik ez zuen zergadunak ordenagailua erosi beharko du, Interneta jarri, software bat erosi... Aldiz, aurrez ere salerosketak software bidez egiten zituenak inbertsio txikiagoa egin beharko du. Finean, ordea, denek gauza bera egin beharko dute: Ogasunarekin zuzenean lotuko dituen sistema informatiko bat ezarri beren enpresan.

Horretarako, baina, aukera ezberdinak daude, Yarzak azaldu duenez. "Enpresa informatiko asko askotariko softwareak garatzen ari dira. Aukera oso ezberdinak daude, eta ondo aztertu behar da eskaintza horretatik zein den zure beharretara ondoen egokitzen dena. Ez da gauza bera arropa denda bat, elektrizitate enpresa bat edo harategi bat izatea. Pisuarekin lan egiten dutenek, esaterako, software bidez Ogasunarekin lotuko dituen balantza bat ezarri beharko dute. Bakoitzak bilatu beharko du bere egoerara ondoen egokitzen den irtenbidea". Foru zuzendariaren arabera, Ogasuneko webgunean Ticket Bai sistema ezartzen duten software garatzaile guztien zerrenda dago, eta zergadunei han begiratzea aholkatu die, software garatzaile batzuk sektore batean nahiz bestean espezializatuta daudelako.

Gauza jakina da zerga iruzurra tarteko diru asko galtzen duela Ogasunak. Baina galtzen den horretatik zenbat eskuratuko du Ticket Bai sistemaren bidez? Yarzaren esanetan, "oso zaila" da hori kalkulatzea. "Ticket Baik iruzur asko azaleratuko al du? Badakigu zerbait azaleratuko duela, baina kopuru jakin bat ematea oso zaila da guretzat. Zerga iruzurra egiten jarraitu nahi duenari horretarako oztopoak jartzea da gure helburua, gero eta zailago jartzea. Egong  dira iruzurra egiten jarraituko dutenak, baina Gipuzkoako zergadun guztiei ordaindu beharrekoa ordainarazten saiatu behar du Ogasunak". Garrantzitsua iruditzen zaio kontzientzia lana ere: "Jendeak konturatu behar du zertarako dagoen Ogasuna eta zertarako ordaindu behar diren zergak. Finean, Gipuzkoan inbertitzen dugu jasotako dirua: azpiegituretan, osasunean, hezkuntzan... Guztion onerako da".

Softekin, softwareak garatzen

Azpeitiko hainbat informatika enpresatan buru-belarri lanean ari dira bezeroei Ticket Bai sistema martxan jartzeko beharrezko programak ezartzen. Zenbait enpresak beste batzuek garatutako programak saltzen dituzte, eta beste batzuek garatu ere bai. Softekin informatika enpresak, esaterako, softwareak garatzen ditu, eta arlo ezberdinetarako balio duten programak dituzte: dendetarako, autonomoentzako, balantza behar dutenentzako... Saioa Larrañaga Softekineko langilearen arabera, "abaniko" zabala dute.

Ticket Bai sistemaren kontua ahoz aho hedatzen eta zalaparta eragiten hasi zenean, "sekulako mugimendua" izan zuten dendan, Larrañagak azaldu duenez. "Sekula ez da halakorik izan gure bulegoan. Telefonoa jo eta jo aritzen zen etengabe". Orain, berriz, jendea "lasaitu" egin da, bi arrazoi tarteko: "Batetik, borondatezko epeari dagozkion dirulaguntzak eskuratzeko epea luzatu egin dute, eta bestetik, Bizkaian atzeratu egin dute sistemaren ezarpen epea". Ondorioz, eskaerak gutxitu egin direla dio Larrañagak, baina kezka ere sortzen dio horrek. "Mundu guztiak pentsatzen du aurrerago jarriko duela martxan Ticket Bai. Baina noiz egingo dugu? Izan ere, gero denak batera etorriko dira, eta ez da denborarik egongo".

Haren arabera, oraindik oso jende gutxik jarri du martxan Ticket Bai sistema. "Merkataritzan aritzen den jendea etorri da gehien gugana, baina autonomoak, igeltseroak, arotzak, elektrikariak... horiek ez dute Ticket Bai sistemaren berririk izan". Larrañagaren ustez, jende askok oraindik ez daki sistema ezartzea derrigorra izango dela laster.

Informatika zerbitzuek beharren arabera propio garatutako softwareez gain, Ogasunak ere sortu du programa bat, doakoa: Faktura Bai. Funtzio bera du horrek ere; Gipuzkoako pertsona eta erakundeek fakturak zuzenean Ogasunera bidal ditzaten balio du. Larrañagaren arabera, ordea, mugatuak dira aplikazio horrek eskaintzen dituen aukerak. "Ticket Bai sistema ezartzean, jende askok pertsonalki laguntzeko babesa behar du, eta nire ustez, informatikako zerbitzuetara jo behar dute horiek. Konfiantzazko informatika enpresa batera joatea aholkatuko nieke nik, informatzeko eta bere negoziorako irtenbide egokiena bilatzeko". Izan ere, Ticket Bai egiteko beharrezko sistema ezartzeaz gain, arazoren bat izanez gero, jarraipena egiten dute informatika zerbitzuek.

Ticket Bai sistemaren kontuak eragin duen zalaparta dela eta, jendea "nahiko aztoratuta" dago Larrañagaren ustez, baina herritarrei "lasai egoteko" esan nahi die. "Aurretik Interneta jarrita eta programa informatiko bat erabiltzen zutenentzako ez da aldaketa handia izango. Azken bertsioa eguneratu baino ez dute egin beharko, eta horrek ez du kostu handirik. Lehendik ere ari ziren dendariak digitalizatzen, eta azkenean, horixe da sistema honek bezeroari eskatzen diona: digitalizatzea. Hori bai, konplikatuagoa izango da orain arte digitalizazioan pausorik eman ez duten horientzako, inbertsio handiagoa egin beharko dutelako. Baina jendeari lasai egoteko esango nioke, ez da hainbesteko aldaketa".

Xabier Aldalur, Dendarteanen teknikaria. (Ihintza Elustondo)

Dendariak, atzeratzeko esperantzan

Herriko merkatariak ez daude Larrañaga bezain baikor egoeraren aurrean. Xabier Aldalur Dendartean elkarteko teknikariak azaldu duenez, merkatarien sentipena da orain ez dela horrelako sistema bat ezartzeko momentua. "Uste dugu lehentasun handiagoa duten beste neurri batzuk hartu beharko lituzkeela Ogasunak, Ticket Bai sistema ezarri aurretik. Adibidez, gauza jakina da Internet bidez saltzen duten denda handi horiek hemen ez dutela zergarik ordaintzen, eta ez al litzaieke lehenago heldu behar horiei? Horrelako enpresek zergen ordainketa guztia kanpoan egiten dute, askotan paradisu fiskaletan eta oso portzentaia txikietan. Dendariak, aldiz, lokal fisikoa edukitzeagatik zerga bat ordaintzen ari dira, zaborraren tasa ere bai... Kanpoko enpresa handi horiek ere hemen saltzen dute, zaborra sortzen dute hemen, eta ez dira ari ez zaborragatik ordaintzen, ezta hemen saltzeagatik ere, dendak ari diren bezala". Izurriak merkatariei eragin dien kaltea erantsi behar zaio horri. "Sektore batzuetan oraindik ez da berreskuratu COVID-19 aurreko martxa, oraindik lehengo motibaziorik ez dagoelako. Ez da festarik egiten, lagunekin ez gara elkartzen lehen bezainbeste... Uste dut lehengora iristeko salto handia dagoela oraindik".

Bizkaian sistemaren ezarpena atzeratu izanak eragina izan duela uste du Aldalurrek ere. "Bizkaiko albistearen berri izan genuenean, asko erlaxatu egin ziren, eta jendeak pentsatu zuen hemen ere atzeratu egingo zela. Askok pasatu dituzte azken bi-hiru hilabeteak Gipuzkoan ere atzeratu egingo zela pentsatuz. Orain arte, esango nuke oso jende gutxik jarri duela martxan Ticket Bai sistema. Oraintxe sumatzen dut dendariak berriro martxan hasten ari direla: 'Zerbait egin beharko dut', ari dira esaten". Haren arabera, mobilizazio batzuk egiteko nahia dute merkatariek, Gipuzkoan ere, Bizkaian bezala, sistemaren ezarpena atzeratu dadin. Bada beste kontu bat, atzerapen hori oraindik "posible" izan daitekeela pentsarazten diena. "Aldundiak Dendarteani eta lurraldeko beste bi erakunderi azterketa bat egiteko eskatu die, dendariek gaur egun zer digitalizazio maila duten jakiteko. Orain ari gara azterketa hori egiten, inkesta batzuen bidez, eta azaroaren amaierarako jakinarazi behar dizkiogu emaitzak Aldundiari. Seguru asko, emaitzek adieraziko dute jende asko ez dagoela prestatuta oraindik digitalizazioan pauso hori emateko, inbertsio handiak egin beharko dituztela... Hori ikusita, atzeratzeko erabakia hartuko ote duten esperantza dago sektorean, nahiz eta Ogasunak esaten duen sistemaren ezarpenak aurrera jarraitzen duela. Uste dugu azterketa horrek erakutsiko duela oraindik dendari asko ez daudela horretarako prest. Ondorioz, ulertzen dugu posible dela, azterketa horretan oinarrituta, Ogasunak erabakia atzera botatzea".

Beraz, Aldalurren arabera, dendariak ez daude prestatuta aldaketari aurre egiteko. Zer gabezia dituzte, ordea, Ticket Bai sistema ezarri ahal izateko? "Dendari asko adinean aurrera doaz, eta zenbaitek agian ez dute inoiz ordenagailu bat erabili, askok kutxa erregistratzaile batekin lan egin dute beti, eta orain, bat-batean...". Adibide bat jarri du: "62 urteko merkatari bat bizpahiru urte barru jubilatzea pentsatzen ari da, eta hark ordenagailu bat erostea, Interneta jartzea, software bat erostea... Eta, horrez gain, adin horrekin sistemak nola funtzionatzen duen ikastea, laster jubilatu egingo denean... Horrelako jende dezente dago dendarien munduan". Haren arabera, dendarien batez besteko adina 50 urteren bueltan kokatzen zen duela urte batzuk, eta orain ez da gutxiago izango. "Ticket Bai ezarri beharrak zenbait pertsonaren erretiroa aurreratzea eragin dezake. Berez 65 urtera arte lanean jarraitzeko asmoa zuenak, orain, agian, horri aurre ez egiteagatik, lehenago itxiko du denda. Eta bitarte horretan, beste modu batera kotizatu beharko du edo jubilazio txikiagoarekin gelditu. Horrelako kasuak eragingo ditu kontu honek".

Zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, Aldalurrek ez du merkatari txikiak Ticket Bai sistemaren kontra dauden itxurarik eman nahi. "Iruzurra saihestu nahi da, eta hori ondo dago. Baina guk uste dugu orain ez dela horretarako momentua. Izurriaren kontu honi buelta eman eta gero eta salbuespen batzuk eginda ezarri beharko litzatekeela uste dugu. Esaterako, negozioaren jabeak 60 urtetik gora baldin badauzka, ondo legoke sistemaren ezarpenetik salbuetsita gelditzea. Agian, kasuan kasu aztertu beharko litzateke egoera". Haren ustez, proposamenak ez ditu kontenplatzen egon daitezkeen kasuistika guztiak. "Denentzako berdina da, eta uste dugu ñabardura batzuk egon beharko liratekeela".

Gastuari aurre egiteko, laguntzak

Zergadun bakoitzak, bere beharren arabera, inbertsio handiagoa edo txikiagoa egin beharko du Ticket Bai ezartzeko. Baina zer kostu izan dezake halako sistema baten ezarpenak? Gutxi gorabeherako kalkuluak egin ditu Dendarteaneko teknikariak: "Ordenagailu bat behar baduzu, kalkulatu 600 bat euro; aurretik ez bazenuen inolako programa informatikorik, aukera ezberdinak daude, baina agian zure neurrira egin behar dizute softwarea, eta zure neurrira egindako programa batek 500 bat euro balio ditzake; askotan, horrelako programa bat enkargatu baduzu, hileroko mantenua behar du, eta hori ere ordaindu egin behar da; Interneta jartzea hilean beste 30 bat euro kostatuko litzateke... Hasierako ordainketa mila eurotik gora kostatu daiteke zenbait kasutan, eta gero, mantenuaren hileroko kuota hori ordaindu beharko litzateke. Pisuekin lan egiten dutenek, gainera, balantza jarri behar dute, eta 3.000 eurora gerturatzen dira Ticket Bai egitea ahalbidetzen duten balantzak".

Ogasuneko foru zuzendari Yarzak onartu du beharrezkoa dela inbertsio bat egitea, baina haren arabera, Aldundia "esfor tzu handia" egiten ari da zergadunei horretan laguntzeko. Aurrez aipatutako kenkarien kontua da Ogasunaren apustu nagusia. Nola funtzionatzen dute kenkariek, ordea? Ticket Bai sistema borondatezko epean ezartzen duenari egindako inbertsioaren %60 itzuliko dio Ogasunak; kenkari hori gehienez 5.000 euroko gastura arte aplikatuko da. Gauza bera derrigorrezko epean, baina, kasu horretan, %30ekoa izango da kenkaria. Kenkari hori lehenbailehen aplikatzeko, Ogasunak esfortzua egin duela azpimarratu du Yarzak: "Eragile ekonomiko ezberdinekin bilerak egin ditugu, eta ikusi genuen haietako askok kontu bat aipatzen zutela: kenkaria aplikatzea ondo dagoela zioten, baina inbertsioa egin eta hurrengo errenta aitorpena edo sozietate zerga aitorpena egin arte itxaron behar zutela kenkari hori aplikatzeko. Likidezia arazoa zutela nabarmentzen zuten, eta horri aurre egiteko, neurri bat hartu dugu: kalkuluak egingo ditugu, eta ikusiko dugu ea zergadunak 2020ko aitorpenean lekua daukan kenkari hori aplikatzeko; hala bada, oso azkar itzuliko diogu dagokion dirua".

Horrez gain, beste dirulaguntza batzuk ere jarri dituzte indarrean: merkatari txikiek eta ostalariek mila euroko laguntza jaso ahal izango dute, baldintza batzuk betetzen baldin badituzte. "Inbertsioa egitea beharrezkoa den arren, saiatu gara laguntzen; gure borondatea hori da. Oraindik harremanetan gaude eragile ekonomikoekin, eta aldatu edo konpondu daitezkeen beste gauza batzuk ikusten baldin baditugu, saiatuko gara horiei erantzuna ematen”.