Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe proiektuko hiru haize errota Azpeitian kokatuko dituztela adierazi du Statkraft enpresak

Julene Frantzesena 2022ko ira. 23a, 11:17
Haize erroten irudi bat.

Statkraft enpresako proiektuen zuzendari Jon Zayasek proiektuaren gaineko hainbat xehetasun eman ditu Radio Euskadin. Azpeitia, Errezil eta Zestoa arteko parke eolikoan bost errota jarriko dituztela adierazi du, eta horiek 205 metro inguruko altuera izatea aurreikusten dutela ere esan du hark.

Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan parke eolikoa eraikitzeko asmoa duen Statkraft enpresako proiektuen zuzendari Jon Zayasek Radio Euskadin hitz egin du gaur goizean, eta Piaspe deitu duten proiektuaren gaineko xehetasun hainbat eman ditu. Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzeko bi proiektu ditu eskuen artean enpresak, Zayasek baieztatu duenez: Aramaion eta Eskoriatzan kokatuko den Itsaraz; eta Azpeitian, Zestoan nahiz Errezilen kokatuko den Piaspe.

Piaspe proiektuari dagokionez, bost haize errotak osatutako parkea aurreikusten dutela adierazi du Statekrafteko ordezkariak: "Hiru aerosorgailu Azpeitian kokatuko dira, eta beste biak Errezil eta Zestoa artean". Gainera, errota handiak egiteko asmoa dutela aurreratu du hark, lursailean "leku gutxiago hartzeko"; zehazki, errota bakoitza 200 metroko altuerara irits daitezkeela esan du: "205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango lukete. Orain arte Euskadin martxan diren errotak baino bi edo hiru aldiz altuagoak izango dira. Dena den, ingurumen azterketak egiten ari gara, eta tamaina txikiagokoak jarri behar baldin badira, hala egingo dugu".

Haize errota horietan sortzen den energiaren banaketaz ere hitz egin du Zayasek. Proiektuan parte hartu edo inbertitu nahi duten erakundeen eta enpresen artean banatzeko aukera aipatu du hark. "Hainbat aukera aztertzen ari gara, eta aukerarik onenak ari gara aztertzen". Herritarrei energia kooperatibak sortzeko aukera eskaintzeko asmoa dutela ere aurreratu du, beti ere, proiektuak enpresarekin hitzartuta. "Eredu disruptiboa sortu nahi dugu, jendeari entzuteko eta alde guztien lankidetza sustatzeko. Desberdin egin nahi ditugu gauzak, eta batez ere, entzun egin nahi dugu, proiektua guztiok nahi dugun horretara egokitzeko".